AEBetan ere kooperatibismoari begira

Arritxu Barruso 2011ko urriaren 21a

Telebistarako lanak egiten dituen Moving Images ekoizpen-etxe estatubatuarra gurean izan da egunotan. Mendebaldeko herrialde garatuetan bizi dugun krisi ekonomiko globalaren aurrean, kooperatibismoak zelan irauten duen aztertzen dabiltza. Bereziki, Mondragon Taldeko kooperatiben eredua bertatik bertara ezagutzera etorri dira.

Otsailean, Hego Koreako telebista publikoko taldea izan zen Debagoienean erreportajea grabatzen; Arrasateko kooperatibek jakingura sortzen duten seinale: "Kooperatibismoaren inguruko erreportajea egiten hasi ginen Ameriketako Estatu Batuetan, han ere baditugu-eta adibide batzuk: Evergreen Cooperatives (Ohio), Isthmus Engineering and Manufacturing (Wisconsin) eta Cooperative Home Care Associates (New York). Dena dela, ez dira lan-kooperatibak eta atentzioa ematen zigun Arrasateko esperientziak. Mondragon Taldearen laguntza eta prestutasuna handia izan da eta hemen gaude. Esperientzia zoragarria izan da. Hainbat enpresa bisitatu ditugu, baita unibertsitatea eta Lagun Aro eta Caja Laboral erakundeak ere. Orain konturatzen gara oso funtzionamendu konplikatua daukatela kooperatibek eta elkarren artean konexio asko dituztela", kontatu digu Melissa Youngek, Moving Images ekoizpen-etxeko zuzendariak. 

Krisiari aurre egiteko bide bat
Bizi dugun mundu mailako krisi ekonomiko honetan, Youngek uste du kooperatibismoa aurrera egiteko modu bat izan daitekeela: "Bai, noski. Langabezia tasa oso handia da eta jendea alternatiba baten bila dabil, enpresa berriak eta proiektu berriak martxan ipintzeko alternatiba demokratikoagoen bila. Badakit ezin dela hemengo eredua bere horretan AEBetara eraman, baina asko ikas dezakegu eta inspirazio iturri bat izan daiteke".

Udazkenean estreinatuko da
Melissa Young, Marco Dworkin eta Antonio Harrah Movin Images ekoizpen-etxeko kideak dira, eta, era berean, Seattle-en dagoen irabazi asmorik gabeko erakunde bateko kideak. Orain dela 25 urte hasi ziren kazetaritza arloan eta ordutik hona hamaika erreportaje eta dokumental egin dituzte, gehienetan gai sozialak jorratuta. Euren lanak batez ere AEBetako PBS telebista publikoan eskaintzen dira, baina, gainera, dokumentalek hedapena izaten dute unibertsitate eta eskoletan. Hain justu ere, Melissak eta Marcok sari asko irabazi dituzte ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan.

Gure kooperatibetan eta AEBetan grabatutako irudiekin 56 minutuko dokumentala osatuko dute eta 2012ko udaberritik aurrera aurkeztuko dute zenbait jaialditan. PBS kateak ere eskainiko du 2012an, kooperatiben nazioarteko urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak