"Euskal Herriak konponbidea nahi duelako", zapatuko manifestaziorako deia egin dute

Txomin Madina Milikua 2011ko urriaren 19a

Debagoieneko hainbat herritako ordezkari politikoak, talde eragiletako kideak eta norbanakoak bildu dira gaur arratsean Arrasaten, zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egiteko. Azaldu dutenez, bakea eta normalizazio politikoaren garrantzia kontutan hartuta, herritar guztiei dagokie prozesu horretan parte hartzea.

Gernikako Akordioaren sinatzaile diren eragile politiko, sindikal eta sozialek deituta egingo da zapatuan Bilboko manifestazioa, 17:30etan eta La Casillatik abiatuta. Eta Debagoieneko herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete gaur arratsaldeko ekitaldian Arrasaten bildu direnek.

Bertan izan dira, besteak beste, egungo eta aurreko agintaldietako Bergarako eta Arrasateko alkateak; baita Oñati eta Aretxabaletako udal gobernuetako ordezkariak ere. Sindikatuetako ordezkariek ere bat egin dute deialdiko ekitaldiarekin; eta baita hainbat norbanakok ere, besteak beste, hainbat preso ohik, Pello Zabala frantziskotarrak eta Mariasun Pagoaga aktoreak ere.

Pagoaga izan da hain zuzen ere han bildutakoen bozeramailea. Azaldu dutenez, Euskal Herriak konponbidea behar du, eta herritarrek konponbide prozesu horretan parte hartu behar dute. Euskal Herrirako nahi den bakea eta normalizazio politikoa egiazkoak eta edukiz beteak izan behar direla gaineratu dute. Era berean,   lau ezaugarritan laburbildu dute Gernikako Akordioa izenpetu duten eragileek nahi duten konponbidea: integrala, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta elkarrizketatua.

Lehenengo mugarriak

Lau dira baita ere gaur azaldu dutenez, konponbide horretako lehenengo mugarriak: preso politikoen egoera hobetzea, aukera politiko guztien legalizazioa, erasoen desaktibazioa eta biktima guztien errekonozimendua.

Astelehenean Donostian Gatazkaren Konponbiderako Nazioarteko Konferentzian bakeari eta normalizazio politikoari bultzada handia eman zitzaiola esan dute; baina, gaineratu,  helburu horretan euskal herritarron inplikazioa ere beharrezkoa dela eta horretarako aukera dela Bilbokoa.

Autobusak Debagoienetik

Esan bezala manifestazioa Bilbon izango da, 17:30etan La Casilatik abiatuta. Hara joateko autobusak antolatu dituzte hainbat herritatik:

  • Bergaran, 16:00etan PESAtik (Depor, Bule, Arrano eta Etxagi tabernetan eman behar da izena).
  • Arrasaten, 16:00etan irtengo da autobusa Garibaitik (Irati tabernan erosi behar da txartela).
  • Eskoriatzan, 15:30etan irtengo da autobusa autobus geltokitik.
  • Aretxabaletan, 15:40an autobus geltokitik.
  • Oñatin, 15:30etan Korreosetik (Arranon eman behar da izena).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak