Udalatxeko iturria, Mendizaleen egarria asetzen hiru hamarkada

Xabier Urtzelai 2011ko urriaren 19a

Udalatxeko kobazuloan dagoen ur depositoak milaka mendizaleren egarria asetu du hamarkada hauetan. Urriaren 26an 31 urte egingo ditu, bertako plakan irakurri daitekeen moduan, baina Albaro Arrizabalagak gogoratu moduan, deposito horren aurretik bazen txikiago bat: "Lehenengo ur depositoa jarri zen Udalatxen gurutzeak jarri baino apur bat lehenago, izan ere, gurutzeak gora igotzeko lanetan beharrezkoa zen nonbaitetik ura hartu ahal izatea. Deposito hark, baina, ez zuen nahikoa ur batzen, eta berria jarri zutenetik –bi metro kubiko inguru ditu– Udalatxeko tontorrean ez da inoiz urik falta izan".

Udalatxeko tontorrean dagoen mapa, berriz, Besaide mendi elkarteko kideek jarri zuten, Elorriokoekin berba egin ostean. Mapa horrek joan den astean bete zituen 44 urte, 1967ko urriaren 12an jarri zuten, Pilarika egunean –gaur egun ospatzen ez den Udalatx egunean, alegia.

Udalatx-zaleek eskatuta

Aurreratu moduan, 1971. urtean igo zituzten gurutzeak Udalatxera: "Orduan Besaide mendi elkarteko presidente nintzen, eta Udalatx-zaleen proposamena jaso genuen mendi elkartean, izan ere, gurutze horiek igo ahal izateko eskaera formala egin behar zitzaion orduko Gobernadore Zibilari. Udalatx zen inguruan gurutzerik ez zuen tontor bakarrenetakoa, eta Besaidekook ez geunden ados Udalatxen gurutzeak jarri behar izate horrekin, baina onartu egin genuen, eta igotzen lagundu. Egia esan, jende asko batu zen lan hori egin ahal izateko, gurutze handia oso pisutsua zelako". 

Portaloitik ikus zedin

Arrasatearron artean edatuta dagoen ustea da Udalatxen mapa Elorrioren lurretan dagoela, eta horregatik jarri zela gurutze handia beherago, Arrasateko lurretan: "Baina hori uste okerra da, mapa jartzeko Elorriokoei baimena eskatu genien, baina mugan jarri genuelako; hala, Udalatxeko tontorra Arrasate ere bada". Gurutze handiaren kokalekua aukeratzerako orduan, berriz, arrazoia sinplea da: "Gurutze hori tontorrean jarriz gero Portaloitik ez zelako ikusten. Horregatik aukeratu zen gaur egun dagoen tokia, Arrasatetik ikusi ahal izateko".

Hala, Udalatx-zaleek gurutze txikia Angel Baltzategi Erregetxo-ren omenez jarri zuten, eta gurutze handia, berriz, hildako mendizaleen omenez. Hala, gurutzeak jarri osteko lehen urteurrenean sekulako jendetza batu zen Udalatxen. 25 urtez ospatu zuten egun hori, ohitura galdu zen arte.

14:00etan Alecopetik irtenda

Udalatxeko gurutzeak jartzeko 1971ko urriko egun batez 14:00etan irten ziren Alecopetik, eta gurutze handiko oinarri luzea motokarroan igo zuten Udalara: "Handik gora, berriz, 40-50 laguneko talde batek igo zuen gurutzea. Hamar laguneko taldeak osatu zituzten, eta 40 metroko tirakada egin ostean erreleboa hartzen zuen hurrengo taldeak, goraino igo arte. Bada, 17:30erako zutik zen gurutze handia".

Argazkiak: euskalherria.org / guregipuzkoa.net

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak