Hilabete entrenatzen, eta dagoeneko sasoi onean. Zelan egiten da hori?
Ez dakit ba... Atletismoan ondo jarduteko nire ustez jaiotzez dohainak izatea ezinbestekoa da, eta zorte hori dut nik. Ondoren, noski, dohain horiek landu egin behar dira, bestela ez dago ezer egiterik.
Lasterketa irabazi, eta marka ona egin zenuen (38.09) Arrasate-Oñatin; gustura?
Bai, oso sentsazio onak izan nituen lasterketan eta gustura geratu nintzen. Iaz laugarren sailkatu nintzen, zapatuan baino 18 segundo azkarrago ibili nintzen, baina orduan oso azkar irten ginen. Nahiz eta marka hobea egin, iaz ez nituen sentsazio horren onak izan.
Patrick Makau korrikalariak errekor berria ezarri du maratoian (2.03.38). Izugarria da halako erritmo bati bi orduz eustea.
Horiek ez dira planeta honetakoak! [Barre]. Pasada bat da, benetan. Erritmo horri 5.000 metroko proba baten eustea oso ondo dago, horrenbestez, pentsa 42 kilometroko lasterketa baten horrela korrika egitea zer izan behar den. Ez dakit zela demontre agoantatzen duten, izugarria da.
Halako distantzia luzeek tentatzen zaituzte?
Oraindik ez, luzeegiak dira niretzako. Nik 10.000 metroko probetan ematen dut daukadan onena, distantzia horretara ohituta nago, eta gaztea zarenean izaten duzun txispa horretaz baliatzen zara distantzia horietan ondo moldatzeko.
Urteek aurrera egin ahala, atletak erresistentzian irabazi egiten du, baina abiadura galdu. Eta, distantzia horiek nagusiago egiten naizenerako utziko ditut. Bitartean, nahiago dut lasterketa motzagoetan ibili.
Atleta moduan, zelan definituko zenuke zeure burua?
Asfalto gainean ondo moldatzen naizen korrikalaria naizela uste dut. Krosean, berriz, ez naiz horren ondo ibiltzen, gehiago kostatzen zait, lokatza dagoenean beste modu batean korrika egin behar izaten dudalako, eta nire korrika egiteko moduagatik, horrek ez dit batere mesede egiten.
Zeintzuk dira aurtengo helburuak?
Bada, iaz oso gustura geratu nintzen lortu nituen markekin, eta aurten iazkoa hobetzeko egingo dut lan. Pistan, 1.500 metrotan lortu nuen lau minututik jaistea, eta 5.000 metrotan 15 minututik jaistea. Lasterketei dagokienez, Laredon 10.000 metroko oso lasterketa garrantzitsua antolatzen dute, eta bertan egoten dira Espainia mailako eliteko atleta onenak, eta baita kanpotik etorritakoak ere. Iaz oso gustura geratu nintzen, eta aurten ere lasterketa horretan 31 minututik jaistea izango da helburu nagusia [21. postuan sailkatu zen Laredon].
Atletico San Sebastian taldean, Realean... egon izan zara. Azken urte hauetan, berriz, Aloña Mendira itzuli zara.
Hala da. Realean pistako lasterketak baino ez zituzten kontutan hartzen, eta ni asfalto gaineko herri mailako lasterketetan oso gustura ibiltzen naiz. Denbora guztian pistan ibiltzeaz nekatu egin nintzen, eta ikusi nuen hobe zela Aloña Mendira itzuli, eta nire kasa jarraitu.
Zeure entrenamenduak gaztetxoen entrenamenduekin tartekatzen dituzu. Ze harrobi duzue Aloña Mendin?
Hortxe ari gara lanean, gazteak baditugu baina baita konpetentzia handia ere: futbola, eskubaloia, pilota... Egia da atletismoa kirol gogorra dela, bakarkakoa eta ez dela erraza gazteak motibatzea.
Hasierako urteetan gazteek nahiago izaten dute beste kirol batzuk egin, baina asko atletismora itzultzen dira gero.
Oñatin zer moduz moldatzen zarete entrenatzeko?
Ale batetik, ezin gara kexatu, inguruan leku asko dugulako korrika egitera joan ahal izateko. Bestetik, baina, pistarik ez dugunez gaitza izaten da gazteak motibatzea, eta atletismora erakartzea. Pista egin behar dugun egunetan Zumarragara joaten gara.
Orain arte irabazi duzun lasterketarik esanguratsuena?
Askotan, lasterketak irabazteari baino egindako markari ematen diogu garrantzia, horri begira ibiltzen gara. Baina noski, lasterketa bat irabaztea beti da berezia. Gogoan dut gazte mailako Espainiako Txapelketan, pistan, hirugarren sailkatu nintzenekoa, 5.000 metroko lasterketan; horrek aurrera jarraitzeko izugarri motibatu zidan.
Iazko Laredoko proban ere oso pozik amaitu nuen, Espainiako atleta on askoren artean, tartean profesional asko, 21. sailkatzea lortu nuelako. Eta duda barik, herrian irabazten diren lasterketak ere oso bereziak dira, zaleen bultzada eta animo≠ak izaten ditugulako.
Zapatilak erosteko orduan oso zorrotza zara?
Egia esateko, ez. Hori bai, nahiz eta zapatila onak direla jakin ikusteaz batera gustatzen ez bazaizkit ez ditut erosten.
Atletismoa alde batera utzita, ze beste kirol eginda entretenitzen zara?
Tenisean jokatzea gustatzen zait asko. Uda sasoian, atletismo denboraldia amaituta tenisean jardun dut asko; gainera, ikastaroa ematen dut kiroldegian.