Nola hasi zinen politikan?
Nik betidanik bat egin dut ezker abertzalearekin, eta orduan bizi genituen garaiak kontuan izanda –Lizarra-Garazi–, zerrenda osatzeko nire burua eskaini nuen. Egia esateko, ez genuen aurreikusten hainbeste zinegotzi lortzea, baina oraindik ere boto kopuruan Arrasaten gainditu ez diren emaitzak lortu genituen, eta udaletxera!
Gazteriari batzorde propioa eskaintzerakoan, garrantzia berezia eman nahi zenioten?
Ezker abertzaleak betidanik eman dio garrantzia gazteriari, gazteria baita herri honen etorkizuneko aktibo funtsezkoenetakoa. Hori dela eta, udalean, aurretik sortuta genuen batzorde propioa. Guk aurretik hasitako bidea jarraitu genuen eta esan behar dut benetan ekarpen garrantzitsua egiten ari dela gure gazteria.
Eta gazteekin aurrera eraman beharreko politiketan, adostasunak ala ezadostasunak ziren gehiago Gobernuko alderdien artean?
Ikuspuntu desberdinetako alderdiak izanik, iritziak ere desberdinak zeuden, baina akordio denak gehiengo zabalaz hartu ziren.
Zuen agintaldian gauzatu zen gaztetxe berria; nolako prozesua izan zen?
Lehenik eta behin, argitu gura dut 1999-2003 agintaldian egokitu egin zitzaigula lehendik martxan zegoen proiektu egonkor bat –AGAKO, Arrasateko Gazte Asanblada– lekuz aldatu beharra, ospitale zaharrean kultur etxea egiteko proiektua zegoelako. Guk hasieratik garbi geneukan gaztetxearen proiektuak leku duin bat behar zuela herrian eta hori eskaintzen saiatu ginen, proiektuaren eredua zalantzan jarri barik. Prozesuari dagokionez, nire ustez oso prozesu aberatsa izan zen. Makina bat bilera egin genituen lekuaren beharrak eta baldintzak definitzeko eta denon artean adostasun zabala lortu genuen. Prozesu hori gaztetxearen eta udalaren arteko hartu- emanak normalizatzeko oso baliagarria izan zen. Gaur egun, oraindik ere, herri mailan arlo ezberdinetan inplikatutako gazteez osatutako talde batekin ibili ginen eta aitortu behar dut luxu bat izan zela eurekin lanean aritzea.
Gaztetxea, Emakume Txokoa eta entsegu lokalak dituen eraikina; urte hauetan jarduera handia eduki duen gunea izan da.
Hasieran diseinatutako Uarkape frontoiaren kokapen aldaketarekin, frontoiaren atzealdean eraikin bat egiteko lekua zegoen eta, nahiz eta eraikuntza aldetik garestia izan, aukera ezin hobea iruditu zitzaigun une horretan zeuden behar batzuk asetzeko; horrela definitu genuen erabilera anitzeko eraikina. Gaztetxeak leku berria behar zuen; Arrasaten betidanik musika talde asko egon da eta orduan zeuden entsegu lokalak (Depositoak) ez ziren nahikoa, beraz, eskaintza zabaltzeko beharra zegoen; eta herriko emakumeok biltzeko, eztabaidatzeko eta gure asmoak gauzatzeko ere leku propio baten beharra geneukan.
Agintaldi horretan egindakoetatik beste zer nabarmenduko zenuke?
Oso legealdi dinamikoa eta adostasun politiko handikoa izan zen. Garai hartakoak dira: Okendo kaleko ludoteka berria; autobus urbanoaren zerbitzua martxan jartzea; Kulturate proiektuaren hastapena; Mojategi kirol proiektua martxan jartzea; oinezkoen zumardiari emandako bultzada; etxebizitza sozialak egiteko Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmena –Zerrajerako etxeak–; euskalgintzako eragile guztien artean herrirako burutu zen euskararen plan estrategikoaren definizioa, Hezkuntza Kontseiluaren sorrera...