Itziar Zubizarreta, Galtzagorri elkarteko kidea; Mertxe Perez de Ciriza, bibliotekako arduraduna; Kepa Urteaga kultura zinegotzia; eta, Amaia Larrañaga hezkuntza zinegotzia izan dira Kulturaten egin duten aurkezpen ekitaldian.
Dagoeneko martxan da Bularretik mintzora Arrasaten. Esperientzia Arrasateko Udal bibliotekatik abiatuko da, eta ikastetxeen parte-hartzearen bitartez, haurrengana eta haien gurasoengana ailegatzea da asmoa. Irailean zehar, 5 urte arteko haurren irakasle eta hezitzaileekin egin zuten lan Arrasateko ikastetxeetan, eta 50 bat irakaslek parte hartu zuten ikastaroan.
Arrasateko ikastetxe guztiek parte hartuko dute egitasmoan, gutxi gora behera 725 haurrek. Hala, datozen egunetan haur guztien etxeetara (3 urteko haurrak) informazio eta formazio baliabideak iritsiko dira. Besteak beste, haurrekin batera etxean burutzeko irakurketa irizpideak eta bibliografiak.
Aurrerago biblioteka eta ikastetxea lotzen dituen elementuak erabiltzen hasiko dira: maletak eta motxilak, besteak beste.
Bi hitzaldi egingo dituzte
Gurasoei begira bi hitzaldi antolatu dituzte datozen egunetarako: datorren eguaztenean, hilak 19, Juan Kruz Igerabidek Haur literatura eta hizkuntza afektiboaren arteko lotura hitzaldia eskainiko du Udal bibliotekan, 18:00etan; eta, azaroaren 3an Juan Karlos Alonsok Haur literaturaren garrantzia haurren garapenean hitzaldia eskainiko du, 18:00etan.
Urtarrila eta otsaila artean, ostera, lantegiak egingo dituzte Pello Añorgarekin.
Haurren irakurketa zaletasuna
Bularretik mintzora proiektua 2007an jarri zen martxan; ordutik hainbat herritara zabaldu da, tartean Aramaio eta Oñatira.
Galtzagorri elkarteko kide Itziar Zubizarretak nabarmendu du proiektua martxan dagoenetik %17 igo dela biblioteketan bazkide kopurua (haurren kasuan).
Haurren irakurketa zaletasuna bultzatzea da proiektuaren helburua, etxean, liburutegian eta eskolan.