Nola sartu zinen diseinuaren munduan?
Betidanik gustatu izan zait diseinuaren mundua. Gainera, txikitatik etxean ikusi ditut trapuak, orratzak… amak ere erakutsi dit.
Zer da kustomizazioa?
Kustomizazioa bi eratara uler daiteke: batetik, arropa zaharra birziklatzea izango litzateke; eta, bestetik, arropa pertsonalizatzea. Guk ikastaroan kamisetak pinturaz margotu edo josi egiten ditugu. Azken ikastaroan makina erabiltzea ere eskatu didate, lortzen den emaitza gustatu egin zaie-eta ikasleei. Kamiseta baten zein marrazki egin norberak aukeratzen du. Gero, kalkoen bitartez kamisetara pasa daiteke, ondoren eskuz margotzeko. Joskintzarako aukera ere badago ikastaroan, eta enkaje edo tatxuelen bidez apaintzen ditugu kamisetak, beste ukitu bat emanda.
Jendea zerk erakartzen du?
Hasieran, harritu egiten dira; euren burua ez dute ikusten gai horrelako zerbait egiteko. Beldurtuta etortzen dira eta gero erraza dela eta gai direla ikusten dute. Eguaztenero 18:00etatik 20:00etara eskainiko dut ikastaroa azaroaren 30era arte. Hasiberriendako ere bada ikastaroa; beraz, ea jendea animatzen den. Interesa dutenek Gazte Bulegora dei dezakete, 943 25 20 65 telefonora, edo ondorengo e-postara idatzi: gaztebulegoa@arrasate-mondragon.net.
Ausarta da jendea?
Bai; horrelako ikastaroetan ohikotik irten gura izaten dute. Agian, ez dute jantziko, baina probatzera animatzen dira. Opariak egiteko ere aprobetxatzen dute.
Jantziko ez zenukeen jantzirik sortu, egin duzu?
Bai, gauza asko. Nagusiki, ikertzeko asmoz egin izan ditut. Nik ez jantzi arren, besteren batek seguru jantziko lukeela! Beste batzuetan, lagunendako egin ditut, edo eurek buruan duten ideia batekin lagundu izan diet.
Kaleko jendeari nola jantzita doan erreparatzen diozu?
Egia esan, ez ditut kaleko tendentziak jarraitzen; geroz eta gutxiago, gainera. Lagunendako bada, lehenengo, nolakoa den ezagututa, ikusita, horretan oinarritzen naiz eta egiten dut lan. Niretzako bada, aldiz, ideia barik noa, eta, lehenengo, oihala aukeratzen dut, gustuko dudana. Oihal horren arabera egiten dut gero lan niretzako.
Kustomizazioa modan jarri da?
Bai, azken urteotan modan jarri da. Dirua aurrezteko baino gehiago, denok berdin ez joateko aukera bat da; toke pertsonala lortzen da kustomizazioarekin. Oso jende kreatiboa dago. Geroz eta jende gehiagori gustatzen zaio diseinuaren mundua; ez da lehengo Euskal Herria, Martins eta Adidasena. Jendea gehiago animatzen da ezberdin janztera eta diseinuarekiko interes handiagoa dago.
Poltsak, zapatilak, kamisetak….
Gehien kamisetak egiten ditut. Baina iaz, esaterako, prakak pare bat poltsa bilakatu nituen. Paparrerako brotxeak, biserak.. ere egiten ditut. Nire etxerako gortinak ere egin ditut! Amamak gantxilloa eta puntua egiten erakutsi zidan eta gauza ezberdinak egiteko ere erabiltzen ditut teknika horiek.