David Garciak errekorra ondu zuen, beraz. Hori bai, korrikalari durangarrak berak zein antolatzaileek aitortu zutenez, aurten motzagoa izan da ibilbidea, ez da sei kilometroetara heldu. Hala ere, Garciak adierazi zuen iaz baino azkarrago egin zuela korrika: "Iaz baino askoz gehiago egin dut korrika". Izan ere, iaz bigarrena geratu zen durangarra, Sergio Garciaren atzetik –aurten bigarren egin du Sergio Garciak (16:28)–.
Emakumezkoetan, berriz, Ainhoa Sanzek aise irabazi zuen; bigarren egin zuen Sara Gomez oñatiarrari bi minutu eta erdiko aldea atera zion. Lehenengoz hartu zuen parte lasterketan eta motz geratu zitzaiola adierazi zigun: "Motza egin zait, egia esan. Lehen aldia da parte hartu dudana eta oso gustura egon naiz. Gauez korritzea oso polita izan da, are gehiago jendearen animoak ikusita".
Antolatzaileak, azkenik, pozik agertu ziren. Baina lasterketa laburragoa izatea honela azaldu zuen Olatz Manuelek: "Garibaiko autobus geltokia saihesteko ibilbidea moztu behar izan dugu eta gero helmugako azken tartea luzatuz berreskuratu gura genuen galdutako tartea. Ez dugu lortu".
Sailkapen osoa jarraian
Lasterketaren kronika osoa, protagonisten adierazpenak eta sailkapenak, asteleheneko Goiena paperean.