Bihar egingo da Besaidek antolatzen duen mendi bizikleta martxa. Goizeko 9:00etan eman beharko da izena Musakolako kiroldegian (federatuek bost euro; gainontzekoek 10 euro). Irteera 10:00etan izango da. Ibilbideak 32 kilometro inguru izango ditu.
Proiekzioak Kulturaten
Hamabostaldiaren barruan, bi emanaldi izango dira Kulturateko areto nagusian: Alex Txikonena eta Alberto Iñurrategirena.
Alex Txikon lemoarra ezaguna da Al filo de lo imposible programan kamera lanak egin izan dituelako eta baita Edurne Pasabanen azkenengo zortzimilakoetan berarekin izan delako. Entzunak dira baita Txikonek Himalaian neguan eginiko saiakerak. Hain zuzen, horren inguruan hitz egingo du eta baita Makaluko mendebaldeko ertzetik eginiko saiakeraren inguruan ere. Txikon ez da gailurzalea, eta gailurra egiteko modu zailengatik da interesgarria zehazki. Horixe erakutsiko du urriaren 18an egingo duen proiekzioan, 19:00etan.
Alberto Iñurrategik, bestalde, mendizaletasunaren eta lehiakortasunaren inguruan jardungo du. Porrotaren alde da bere hitzaldiaren izena, eta buruan darabilen hausnarketa bat plazaratuko du. Hizpide izango du mendizalea gero eta lehiakorragoa bilakatu dela, eta kosta ala kosta gailurra lortzea izaten dela bere nahia. Proiekzioa urriaren 26an izango da 19:00etan.
Mendi ibilaldia
Urriaren 30ean, bestalde, Arrasateko mendi bideetan ibilaldia egingo dute: Monterron-Anporreta-Mietzerreka-Udala-Monterron. Herria inguratzen duten bide-sarea osaste aldera, ibilaldiak egiten dabiltza azken urteotan. Helburua galdutako bideak berreskuratzea eta ezagutaraztea da. Irteera Monterronen izango da goizeko 9:00etan.
Beteranoen martxa
Urriaren 30ean izango da baita urtero egiten den beteranoen martxa. Aurten, Mutrikuko klubak antolatzen du eta Besaidek autobusa jarriko du hara joateko. Izena emateko Besaideko egoitzara joan behar da urriaren 24, 25 eta 26an, 19:30etatik 20:30etara.