Honela azaldu digu Josu Beltran AGAKOko kideak: "Alternatiba bat gura diogu eskaini Arrasateko gazteei eta gazte sentitzen direnei. Aurtengo ikasturtean gai ikusi gara hainbat tailer eta ikastaro antolatzeko, jendea gertu agertu da-eta tailerrok eman zein jasotzeko". Eskaria egon badagoela dio Beltranek.
Hala, parte hartzeko gaztetxera agertu besterik ez da egin behar; hori bai, antolatzaileek eskertuko lukete aurrez izena ematea, arrasatekogaztetxea@gmail.com helbidera idatzita. Helburua da zenbat pertsona agertuko diren jakitea.
Parte hartzearen arabera
Astelehenean bertan hasiko dira, eta egunero egongo da zerbait: astelehenetan txalaparta ikastaroa (19:00), martitzenetan euskal dantzak (19:00), eguaztenean eskalada –arratsalde osoan zehar– eta soinu teknikari tailerra (19:00), eguenetan zuzeneko musika (22:00) Kooltur ekimenaren eskutik, egubakoitzetan asanblada (19:00) eta bertso eskola (21:00), zapatu goizetan margo tailerra eta domeketan, azkenik, zinema (18:00).
Beltranen arabera, jendearen parte hartzearen arabera egokituko dute egutegia. Informazio gehiagorako, jo webgunera.