"Martitzen arratsaldeko meza amaitzear zela, jaunartzean, ondoan nuen Manolo Valor sakristaua jipoitzen hasi zen. Ukabilkadak lehenengo eta lurrera jausi zenean ostikadak. Oihuka hasi nintzen eta orduan alde egin zuen". Honela azaldu du Horacio Argarate parrokoak martitzenean bizitako erasoaldia. Honakoa gaineratu du: "Hurrengoa ez nuen ikusi, baina esan didatenez parrokiatik irten eta elbarritu bati erasotu zion; aulkitik bota eta zenbait ostikada eman zizkion". Eguazten goizean jarri zuten salaketa Bergarako komisaldegian baina Argarateren arabera, bigarren erasoaldiara arte Ertzaintza ez zen larregi larritu.
Erasotzailea behin baino gehiagotan ikusi izan du Argaratek parrokian, Arrasateko parroko moduan daramatzan bi urteetan: "Joera arraroak erakusten zituen, alde batetik bestera ibiltzen zen eta gauza arraroak egiten zituen. Hala ere, bagenekien gaixorik zegoela eta ez genion garrantzi berezirik eman jipoitzen hasi den arte. Adineko jendea etortzen da mezetara eta mutil indartsua zela ikusita oso arriskutsua da".
Eskizofrenia arina omen du eta bere jarrera tratamendua utzi izanagatik eman daiteke.