Mondragoeko kooperatiben eredua aztertzera etorri dira Ameriketako Estatu Batuetatik

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 13a

Telebistarako lanak egiten dituen Moving Images ekoizpen-etxe estatubatuarra gurean da egunotan. Mendebaldeko herrialde garatuetan bizi dugun krisi ekonomiko globalaren aurrean, kooperatibismoaren moduko eredu sozialak zela irauten duen aztertzen dabiltza. Hala, gurera hurbildu dira, bereziki, Mondragoeko kooperatiben eredua bertatik bertara ezagutu nahian.

Otsailean, Hego Koreako telebista publikoko taldea izan zen Debagoienean, erreportajea grabatzen. Azken egunotan, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako Moving Images ekoizpen-etxe independenteko hiru kazetari dira hemen. Arrasateko kooperatibek jakingura sortzen duten seinale. Tu Lankide webgunean eta Artemanen webgunean dakar informazioa

Kooperatiben gaineko dokumentala

Arrasateko esperientzia kooperatiboaren gaineko dokumentala egingo dute. Ikus-entzunezkoa, unibertsitate eta eskolatan eskaintzeko asmoa dute 2012ko udaberritik aurrera. Litekeena da, gainera, PBS (Public Broadcast Service) kate publikoak ere eskaintzea.

Gure eskualdeko hainbat kooperatibatan izan dira eta haietako ordezkariak elkarrizketatu dituzte: zuzendaritzako kideak, kontseilu sozialekoak…, hau da, kudeatzaile edo buruak bai, baina baita bestelako langileak ere. Arteman Komunikaziokoen laguntza izan dute horretarako.

Ameriketako Estatu Batuetan ospetsuak

Melissa Young, Marco Dworkin eta Antonio Harrah Moving, Images produktorako kideak dira. Seattle-en dagoen irabazi asmorik gabeko erakunde bateko kideak ere badira horiek. Orain dela 25 urte hasi ziren kazetaritza arloan, eta ordutik hona hamaika erreportaje eta dokumental egin dituzte, gehienetan, gai sozialak jorratuz.

Moving Images produktorak ekoiztutako lanak, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako PBS telebista publikoan eskaintzen dira. Horretaz gain, dokumentalek hedapena izaten dute unibertsitate eta eskoletan.

Hain zuzen ere, Melissak eta Marcok sari ugari irabazi dituzte ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, eta administrazioek, ikastetxeek eta unibertsitateek askotan txalotu dituzte moving-ekoek eginiko lanak.

Dokumentalaren helburua da kooperatibak aurkeztea AEBetan, non sistema hau ez dagoen oso hedatuta. Krisiari aurre egiteko kooperatiba balizko sistema dela erakutsi nahi dute. Horretarako, Mondragonen grabazioak egin aurretik, Arizmendi Association kooperatiban izan dira, Kaliforniako okindegi sarean.

Era berean, elkarrizketak eta irudiak grabatu zituzten Evergreen Cooperatives-en, Ohion; Isthmus Engineering and Manufacturing-en, Wisconsin-en, New York-en 1985ean sortutako Cooperative Home Care Associates-en, eta Massachussets-en Equal Exchange-n, bidezko merkataritzan diharduen kooperatiba batean.

Azken egunotan, berriz, Mondragoneko kooperatibak bisitatzen ari dira, eta besteak beste, Zentro Korporatiboan, Otalorako Formazio Zentroan, Euskadiko Kutxan, Lagun Aron, Orbean, Fagor Etxetresna Elektrikoetan, Ikerlanen, Mondragon Unibertsitatean, Danobaten, Ulman, Loramendin, Eroskin, Alecopen… eta beste hainbat lekutan izan dira. Era berean, kooperatibetako bazkide eta batzorde zein zuzendaritzako kideak elkarrizketatu dituzte.

Bertako jendartea

Hiru kazetariek, bertako enpresak eta, oro har, kooperatiben eredua aztertzeaz gain, bertako jendartea, bizimoduak eta gastronomia ere ezagutzen ari dira. Atzo, esate baterako, afaria izan zuten Aretxabaletako elkarte gastronomiko batean. Arteman Komunikaziokoak izan zituzten sukaldari eta mahaikide.

Gure kooperatibetan eta Ameriketako Estatu Batuetan grabatutako irudi guztiekin 56 minutuko dokumental bat osatuko dute, eta 2012ko udaberritik aurrera aurkeztuko dute zenbait jaialditan eta beste zenbait lehiaketatan. Era berean, 2012an Kooperatiben Nazioarteko urtean PBS kateak ere eskainiko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak