Iraganeko sustrai sendoetatik abiatuta eta modelo kooperatiboan oinarrituta Mondragon etorkizunari bermez aurre egiteko prest dago. Eraldaketa prozesu etengabean, erronka berrietara egokitu beharko dira taldeko kooperatibak eta horixe izango da datozen urteotako estrategia nagusia. "Korporazioak beti erakutsi du testuinguru berrietara egokitzen badakiela, eta orain bizi den egoera ez da edonolakoa" dio Aldekoak.
Mondragon korporazioak 2013-2016 Politika Sozioenpresariala dokumentua onartu zuen irailaren 28an Arrasaten egin zuen kongresu berezian. Kooperatiben plan estrategikoak lantzeko abiapuntua ezartzen duen txostena da hori. Txostenean erronka nagusi bat planteatzen da, honela laburtzen dena: "gure enpresa sarea eraldatzea", balio erantsiko enplegua sortzeko.
Negozio bideragarriak
Aldekoak dio Mondragon Taldeak ez diola muzin egingo etorkizunean negozio batzuk ixteari. "Negozio batzuk ez dira bideragarriak eta horrelakoetan erabakiak hartu beharko dira, itxiera ordenatuak bideratuz, batetik, eta merkatu globalean aliantzak bilatuz, bestetik".
Bost erronka
Bost izango dira erronka berriari aurre egiteko garatu beharreko estrategiak: dimentsionamendua, nazioarteratzea, berrikuntza, interkooperazioa eta konpromiso zein identitate kooperatiboa. “Hain justu ere, konpetentziak ez duen faktorea da identitate kooperatiboarena” dio Mondragoneko buruak.