Kostata, baina irten da diskoa.
Erritmo onean joan da prozesua. Maiatzean grabatu genuen, eta, uda tartean, irailera arte atzeratu da diskoaren kaleratzea. Baina merezi izan du; esku artean ikustea pozgarria da. Aurreko diskoa Huhezin grabatu genuen, irrati estudioan. Guk grabatu genuen, esperimentu moduan. Instrumentuak banan-banan grabatu genituen. Oraingoan ordea, Ander Barriusoren laguntzarekin, Eibarko Legarre estudioan, denok batera grabatu dugu.
Diskoa atera eta geldialdia.
Nahi gabeko geldialdia da: Maialen urtebeterako Bartzelonara doa. Horrela irten da eta orain geldialdia egin behar dugu kide horrekin jarraitu nahi dugulako. Bien bitartean, kantu berriak sortzen jarraituko dugu. Nork daki, agian Bartzelonara egingo dugu bueltaren bat kontzertu batzuk egiteko!
Kolaborazioak ere izan dituzue.
Iraitz izan da letretan gehien murgildu dena orain arte. Baina disko honetan, taldeko Iraitzen, Ainararen eta Maialenen letrak daude; bestelako kolaborazioak, lagunenak eta ezagunenak, ere izan ditugu. Eneko Barberenak, esaterako, Naufragoak eta ohola kantuarekin lagundu digu. Jon Olano eta Inhar Agirrezabalek ere hartu dute parte.
Poesia dute oinarri letrek.
Bai, irakurtzen dituzun letren interpretazioa aldatu egin daiteke irakurketa bakoitzarekin. Ez dira gai bati zuzenean lotutako letrak. Sentimendu eta bizipenetatik irtendako poesiak dira. Lerro artean irakurtzeko aukera ematen dute. Zabalak, irekiak dira eta nork bere interpretazioa egiteko bide ematen dute.
Emakumeendako musika da?
Ez. Ain_1 osatzen dugun guztiak emakumezkoak gara eta elementu garrantzitsua da. Emakumeetatik abiatutako proiektua da, baina letrak egiten mutilek ere hartu dute parte. Emakumeek sortutako proiektua da, baina publikoa zabala da, ez da soiloik emakumeendako musika.
Bossa nova, ukitu latindarra...
Gitarra akustikoa, kaxa flamenkoa, biolina… batzuentzako folk, besteendako pop ukitua daukagu. Lagun batek definitu gintuen intimista moduan, txoko txikietan entzuteko moduko musika egiten dugula esan zigun, eta horrekin geratzen gara. Ez zaigu gure musika katalogatzea gustatzen.
Dantza, musika, interpretazioa...
Proiektu honetan estetika asko zaindu dugu. Itsasok kantuak interpretatzen ditu dantzaren bitartez. Poesia egiteak ere beste plus bat ematen dio kontzertu izaera horri. Musika kontzertu bat baino gehiago da.
Musika kaxa gorria erdi zabalik utziko duzue?
Bai, Maialen etortzen denean aprobetxatuko dugu zuzenekoren bat lotzeko. Gainera urte beteko kontua izango da. Gauza berriak sortzeko aprobetxatuko dugu.
Folka biziberritzeko pauso ausarta
"Aitortu beharra dut Ain_1 ez ditudala inoiz zuzenean ikusi; bai, ordea, behin Ain_80 izenpean egin zuten ikuskizuna, baina ez zen gauza bera izan. Horregatik, jakin-min handia nuen diskoa entzuteko; eta oso gustura geratu naiz aurkitutakoarekin. Folka da egiten dutena, baina alderdi eta aurpegi asko dituena: batzuetan goxoa, beste batzuetan kaotikoagoa zein ilunagoa, ausartagoa... Gainera, runba, ijitoen (Balkanikoa) zein arabiarren ukituak aurki daitezke. Bestalde, miresten ditut taldekide guztiek abesten duten taldeak, eta hala egiten dute Ain_1ekoek. Biolinak ere izaera berezia ematen die. Beldurra nabari zaizue kantua da niretzat kuttunena, bereizgarri eta indartsuena".
Iker Barandiaran