Lierni Altuna izendatu dute Zuiako Koadrilako presidente

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 9a

Asteon egin da Zuiako Koadrilako eskualde batzarra osatzeko ekitaldia, Arabako Murgia herrian. Arabako Batzar Nagusietako presidenteak, Juan Antonio Zaratek (PP), egin zituen moderatzaile lanak eta Zaratek berak izendatu zituen ordezkariak. Zuiako Koadrilako presidentea eta presidenteordea aukeratzeko bozketa egin zuten Zuia osatzen duten sei udalerrietatik joandako 19 ordezkarien artean.

Bilduk gehiengo osoa dauka eskualde osoan –Arrazua-Ubarrundian ezik (EAJ) alkatetza guztiak dituzte– eta aurrez hitzartu moduan, Lierni Altuna aukeratu zuten presidente. Presidenteordea Arrazua-Ubarrundiako alkatea izendatu zuten, Rufino Saez de Ibarra, hain zuzen.

Debagoieneko Mankomunitatearen antzeko erakundea da Zuiako Koadrila. Lierni Altunak azaldu duenez, Zuia osatzen duten herriak txikiak direnez, udalerrion artean indarrak batu eta Diputazioaren laguntzak hobeto bideratzeko balio du erakundeak. Hala, hiru batzarkide izango ditu Aramaiok Zuiako eskualde batzarrean: Ramon Ajuria alkatea, eta Edurne Uribarren eta Lierni Altuna zinegotziak, hirurak ere Bildukoak. 

Emaitzen "ondorioetako bat"

Orain arte EAJkoak izan dira presidente guztiak. Oraingoan, gainera, lehen aldia izango da aramaioar batek kargu hori beteko duena. Altunaren arabera, maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen "ondorioetako bat" da Zuiako lehendakaritza Bildurena izatea: "Orain arte EAJ egon da eta ez dakit esaten nolakoa izan den egin duten lana. Guk positiboki hartzen dugu kargua, ondo dago guk ere zein lan egin dezakegun ikusteko aukera izatea. Azken finean, politika egiteko beste modu bat badagoela sinesten dugu; ea hori Zuian ere aplikatzeko gai garen, udaletxeetan egin dugun moduan".

Kargu berriaren aurrean gogotsu dagoela dio presidente berriak: "Koadrilan gehiengoa genuenez, ondo aztertu ostean niri proposatu zidaten eta baiezkoa eman nuen. Egia esan ez dakit oso ondo zer suposatzen duen kargu honek. Orain zer den ikusi behar eta lana ahalik eta ondoen egiten saiatu gara".

Eskualde batzarra osatzeko ekitaldia izan zen martitzenekoa eta oraingoz ez dago zehaztuta noiz izango den hurrengo bilera. Legeak dio, Altunak jakinarazi duenez, gutxienez urtean hiru aldiz egin behar dela batzarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak