Mitarte kalea ireki ostean, Olarte eta Gazteluondo oinezkoendako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 6a

Gazteluondo eta Arrasate pasealekua lotuko dituen Mitarte kale berria urte amaierarako zabalik egongo da. Oraindik ez dute data zehatzik jarri, baina kale berria ireki aurretik Hirigintza batzordeak komenigarria ikusi du eremua berrantolatzea: Mitarte kaleari eta Olarte kaleko goi aldeari alde zaharreko beste edozein kaleko izaera emango zaie, Gazteluondo kalea hasieratik itxiz. Hau da, oinezkoei lehentasuna emango zaie Olarte, Gazteluondo eta Mitarte kaleetan.

Mitarte kalea ireki aurretik Hirigintza batzordeak komenigarria ikusi du eremua berrantolatzea. Izan ere, alde zaharreko bizilagunen aldetik zenbait kexa jaso dituzte azkenaldian, zirkulazioa handitzen doala-eta. Udalaren helburua kontrakoa da, hain justu: alde zaharra oinezkoendako egitea gura dute, mugikortasun planak ezarritako helburuetako bat delako.

Bizilagunen etxeetara heltzeko ahalmena alde zaharreko eremuan indarrean dauden baldintzetan egitea egoki ikusten du Hirigintza batzordeak, eta gainera, alde zaharra saihesbide gisa "inolaz ere" erabili ezin daitekeenez, autoz egitea beharrezkoak ez diren bidaiak gutxitzeak iraunkortasunaren aldeko apustua dela deritzo.

Oinezkoei lehentasuna 
Hausnarketa hori egin ostean Hirigintza batzordeak honakoa proposatu du: Mitarte kaleari eta Olarte kaleko goi aldeari alde zaharreko beste edozein kaleko izaera ematea, Gazteluondo kalea hasieratik itxiz. Hau da, oinezkoei lehentasuna emango zaie kale horietan. Hori lortzeko piboteak jarriko dira eta alde zaharreko gainontzeko kaleetan moduan, zamaketa lanak egiteko ordutegian irekiko da.

Hori horrela, Mitarte kale berria eta Olarte kaleko goi aldea –Gazteluondo kalearekin bat egiten duen gunean– ere ordutegi horretan bakarrik egongo dira zabalik. Hala ere, ahalbidetuko da sarbidea Gazteluondo eta Olarte kaleko garajeetara eta Ikastolara –mantenu kontuetarako bada– sartzeko.

Mitarte kalearen irekierak suposatuko duen aldaketaren berri emateko Ikastolako arduradunekin bildu dira Udaleko ordezkariak. Ikastolako arduradunek alde onak eta txarrak ikusi dizkiete planari eta ez dute iritzi finkorik eman: "Eurengatik aurrera egiteko adierazi digute", esan dute Hirigintza Sailetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak