Antolatzaileek ibilbidea goitik behera aldatzeko asmoz ekin zioten aurtengoa prestatzeari, baina azkenean nahiago izan dute –aldaketa batzuekin– azken urteotakoari eutsi, eta bizikleta-zaleak ezustean harrapatuko dituen sorpresaren bat edo beste sartu. Hala, txirrindulariek Udala inguruan aurkituko dute sorpresa hori, teknikoki trebeak direnendako alternatiba batekin: "Beste urte batzuetakoa baino apur bat luzeagoa da aurtengoa, jaitsieretarako bidexka berriekin. Azken kilometroetan Anporretako zatia luzatu egin dugu, baina beste edizio batzuetan arrakasta izan duen azken jaitsiera kendu barik. Aldaketa handiena, baina, Udala aldean dago, Enduro bonus izena jarri diogun tartearekin. Hala, Udalako aparkalekuan ziklistek aukeratu egin ahal izango dute bide teknikotik joan, ala urteroko jaitsierari heldu. Gero, Meatzerrekara bidean elkartu egingo dira bi bide horiek", adierazi digute antolatzaileek. Jakin ibilbidea GPSra jaitsi dezakezuela hemen, eta izenematea egunean bertan egin beharko dela, 09:00etatik 09:45era. Martxa 10:00etan hasiko dute, Musakolako kiroldegian. Federatuta daudenek 5 euro ordainduko dituzte, eta federatuta ez daudenek 10 euro. Ondoren luntxa egingo dute.
Esandako moduan, Arrasateko mtb martxa izango da Besaideko hamabostaldiko lehen hitzordua. Hemen duzue Besaidekoek prestatu duten egitaraua; aurrerago landuko ditugu hitzorduok sakonago.