Maritxu Kajoik 35 urte betetzen ditu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 6a

Egutegiari begiratuz gero, duela zazpi urte ez zela horren berandu heltzen baina arrasatearrek euren ama birjinik kuttunenari errespetu osoz itxaroteko ez dute arazorik. Maritxu Kajoiren jaiak 35 urte betete ditu aurten eta urte borobila ez zaio oharkabean pasa komisiñuari: betiko 'Maritxu nora zoaz' kantuaren osagarri 'MKJ kantue' abesti berria atera dute. Eguraldi iragarpenek euria egingo duela diote; aurten ere ez dirudi Maritxuk euriaren aurkako miraririk dakarrenik...

Urteurren bereziak atzera begiratzeko aitzakia paregabeak dira eta horregatik jaiaren sorreratik komisiñoko kide izan den baten testigantza jaso gura izan dugu. Halaxe gogoratu dizkigu Luis Pagoagak hasierako urteak: "Lehen urteetan jende gutxi ibiltzen zen, sei edo zazpi koadrilen arteko ospakizuna zen".

"Herriak parte hartu duelako egin da handia"

Jaia gerora egin zen ezaguna eta Pagoagak argi dauka zergatik: "Herriak parte hartu izan duelako egin da handia Maritxu Kajoi. Gure betiko filosofia izan da parte-hartzea bultzatzea". Eta nondik datorren dotore janztearena? Hala dio Pagoagak: "Jaiarekin inplikatzearen adierazle izan da, baina kontuan hartu behar da orduan oso irekita zegoela gorbata janztea. Gu baino hamar urte gehiago zutenek 18 urte bete eta trajea janzten zuten; gure belaunaldia izan zen trajea albo batera uzten hasi zena".

Hala, urriko lehen egubakoitza etxean geratu ziren trajeak berriro ere erabiltzeko balio izaten zuela gogoratzen du komisiñoko kide ohiak: "Lehen etxean zegoen arropa janzten zen eta gerora hasi ginen alokatzen edo erosten". Festaren ikurretako bat bihurtu den autoa 1980ko hamarkada hasieran atera zuten lehenengoz eta jakinarazi duenez, aurten ez dute aterako.

Orain, arrakasta itzela

Pagoagak iaz utzi zuen komisiñua, "oso esku onetan". Horren adibide da aurten hasi den Nekane Atxarena. Komisiñoaren proposamenari baiezkoa eman zion: "Oso lan polita egiten du jai herrikoien alde eta nire ekarpen txikia egite aldera eman nuen baiezkoa".

Jaiak 35 urteotan jasan duen aldaketa onera edo txarrera izan den galdetuta, honakoa adierazi du Atxak: "Gizartea aldatzen joan ahala aldatu da Maritxu Kajoi. Lehengo xarma galdu egin du, baina orain beste bat dauka".

Egitaraurik ez du apenas behar Maritxuk. Koadrilak mahaiaren bueltan elkartu eta bazkalosteak–afaria egiten dutenak salbuespena dira dagoeneko– ematen duena dago urteroko menuan. Gero, noski, 20:30ak aldera helduko zaio mirarirako ordua. Aurten ere ez dirudi euriaren aurkako mirarik ekarri duenik...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak