Egun ezagutzen dugun txapelketak, eta 1956an lehenengoz antolatu zutenak antzekotasun gutxi zuten. Orduan txapelketa jokalari gaztetxoek jokatzen zuten, eta Zaldibar UCEA eta Juventud Deportiva Mondragon futbol taldeetako harrobia zen. Azken baten, egun Mondra bezala ezagutzen dugun taldearen harrobia zen Zaldibar, hortaz, argi dago gauzak dezente aldatu direla.
Denborarekin, Juventud Deportiva Mondragon zeritzonak txapelketa alde batera utzi eta herriko koadrilek hartu zioten lekukoa. Eta ordutik hona, hainbat etenaldirekin, koadrilak arduratu dira txapelketa antolatzeaz. 1990ean Arrasate Press-ek jaso zuen geldialdi baten ostean 60 taldek eman zutela izena, 900 lagun baino gehiago batu ziren orduan.