EAJk Debagoieneko ospitalearen proiektuaren murrizketen aurkako mozioa aurkeztu du: EAJ, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin eta PSE-EEren aurkakoekin onartu da.
PSE-EEk, bestalde, hondakinak kudeatzeko egun Udalak adostuta dituen konpromiso ekonomikoak gelditzea eskatu dio udalbatzari eta, besteak beste, bosgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi du talde sozialistak. Mozioa ez da onartu; PSE-EE eta EAJk alde (8) eta Bildu eta Aralarrek kontra (12).
Azkenik, AGAKOk Kukutzaren hustea dela-eta Bilboko Udalaren eta Herrizaingo Sailaren jarrera salatzeko mozioa onartu egin da Bildu eta Aralarren aldeko botoekin. PSE-EEk eta EAJk kontra bozkatu dute.
"Lehen mailako" ospitalea
Hiru mozio horiek eragin dute eztabaida gehien. Ospitalearen gainean PSE-EE eta EAJko bozeramaileak aritu dira eztabaidan: Juan Karlos Garitanok (EAJ) Debagoienerako "lehen mailako" ospitale bat eskatzen zuen bitartean, Aritz Arrietak (PSE-EE) murrizketak ez direla egingo adierazi du, eta ez hori bakarrik, ekipamendu berriak –erresonantzia magnetikoak egiteko ekipamendua, adibidez– helduko direla jakinarazi du.
Joxe Etxebarriak (Aralar), bestalde, Osakidetzaren komunikazio eza salatu du: "Gehienetan prentsaren bidez enteratzen gara, eta gehienetan kentzeko izaten da".
Atez atekoa versus bosgarren edukiontzia
Hondakinen kudeaketari dagokionez, PSE-EEk bosgarren edukiontzia defendatzen du, atez ateko sistema "deseroso eta garestiaren" gainetik. Josu Pereda ingurumen zinegotziak erantzun dio bosgarren edukiontziarekin hondakinen %15a birziklatzen dela eta atez atekoarekin, berriz, %85a. Bilduk eta Aralarrek uste dute helburua "zaborra zero" izan behar dela.
Kukutza, aurrera
Azkenik, AGAKOk –Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak– aurkeztu duen mozioaren aurka bozkatu dute PSE-EE eta EAJk. EAJko zinegotzi Ibon Arruperen arabera, mozioa "murritza" da eta ez ditu autogestioan oinarritzen diren beste kolektibo batzuk kontuan hartzen.
Aritz Arrietak, berriz, Kukutza kultura alternatiboaren adibide ona zela uste du baina, adierazi duenez, ez zuten leku egoki bat okupatu: "Epai judizial baten ondorioz etorri zen Kukutzaren hustea. Hustean eta ondoren etorri ziren gertakariek kalte egin diote Kukutzari, kulturak gizatasuna eta tolerantzia behar dituelako. Gertakari horietatik bereizi beharko lirateke Kukutzako kolektiboa".
Horren aurrean, Bilduko bozeramaile Iraia Solak esan du "argi eta garbi bat" egiten dutela AGAKOk aurkeztutako mozioarekin: "Epai judizialak beste era batera betearazi daitezke. Zertara dator bortizkeria hori? Bortizkeriak bortizkeria sortzen du".
"Erabaki politikoa"
Azkenik, AGAKOren izenean gazte batek hartu du hitza: "Erabaki politikoa izan da erabat. Oso erabaki politiko onak dira euren interesendako. Zergatik? Kukutza moduko gune potente bat apurtzea bat datorrelako euren eredu kapitalistarekin. Bestalde, esan gura dugu harro gaudela Bilbon borrokatu izanaz".