Ardantzak, bere memoria liburuan: "Arrasateko alkate izan nintzenekoak barrikada eta mehatxu urteak izan ziren"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 4a

Lehendakari izan aurretik Arrasateko alkate (1979-1983) eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zenak (1983-1985), Jose Antonio Ardantzak, memoria liburua aurkeztu du gaur. 14 urtez lehendakari izan zen. Garaikoetxeak dimisioa eman eta EAJtik alde egin zuenetik, Ibarretxek lekukoa hartu zionera arte: 1985-1999. Arrasaten alkate izan zeneko denborak "oso gogorrak" izan zirela dio.

Ardantzak Euskadiko Kutxan lan egiten zuen, Arrasaten, EAJren alderdikideek alkate izatea proposatu ziotenean.

Arrasateko alkate izan zeneko urteak oso gogorrak bezala gogoratzen ditu Ardantzak. "Barrikada eta mehatxu urteak" izan zirela dio memoria liburuan.

Hauxe pasartea:

Arrasateko alkatetza: "Ducados batek irauten duen denbora"

1979an Arrasateko alkate izendatu zuten. Hautagai izatea proposatu ziotenean, ez zuen berehala baietza eman, "baina, azkenean, (alderdikoak) horrenbeste tematzen zirela ikusita", onartu egin zuen. Alkate gisa, jardun politikoaren gogorra lehen udalbatzatik beretik deskubrituko du.

Izan ere, udalbatza hura oihuka eta txistuka bukatu zen, ETA talde terroristaren beso politikoa zen Herri Batasunaren inguruko jendearen eraginez. "Era horretako istiluak gertatzen zirenean, jakan neraman Ducados paketea atera eta zigarro bat pizteko ohitura hartu nuen.

Jendeari hura erakutsi, eta itzali arte patxadaz eta isilik itxaroten nuen. Zigarroa amatatutakoan zalaparta bukatu barik bazegoen, bilkura amaitutzat eman eta batzar aretotik atera egiten ginen".

Arrasateko alkate izan zeneko hura oso garai bizi eta “oso gogorra” izan zen. "Barrikada eta mehatxu urteak" izan ziren. Baita erronka ekonomiko eta sozial ugariren urteak ere, batez ere Udalaren kutxa hutsik zegoela kontuan izanik. Hala ere, haren konpromisoa erabatekoa izan zen. "Udaleko lana borondatezkoa zen eta ez genuen ordainsaririk jasotzen". Beraz, Udaletxean aritzen zen eta, aldi berean, Caja Laboralen lanean jarraitzen zuen.

Erronka berriak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren buru

1983ko udal eta foru hauteskundeen harira, "espero ez zuen" beste aldaketa bat etorri zitzaion. Gipuzkoako diputatu nagusi aukeratu zutelarik, bizilekuz aldatu zen eta eszedentzia eskatu zuen Caja Laboralen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak