"Hori da gure erronka, eta emakume gazteei begirako eskaintza ere badugu", esan dio Emakume Txokoko dinamizatzaile Amets Beltran de Gebarak Aitziber Aranburuzabala kazetariari. Hemendik eta abendura arteko eskaintza hori aurkeztu dute, eta ikastaro eta tailerretan izena ematen hasi da jendea: "Telefonoa jo eta jo dabil egunotan, eta ikastaro batzuk dagoeneko bete dira", esaten digu.
Beltran de Gebara bera ere aurpegi berria da ikasturtean, eta "hasi berri eta oso gustura" dabilela esan dio Aranburuzabalari Arrasate Irratian. Berak egingo die harrera aurrerantzean Emakume Txokora joaten diren guztiei, astelehenetik eguenera 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara, eta egubakoitzetan 10:00etatik 14:00etara.
Antolatutako ekintza bat bereziki nabarmendu gura du dinamizatzaileak: urriaren 21ean egingo duten Jabetze Eskolako kafe-tertulia: Feminismoaren erronkak Arrasaten. "Helburua da emakumeak mahaiaren bueltan jartzea eta feminismoaren ibilbidea errepasatzea, ze erronka eta aldarrikapen dituen momentu honetan, zein den gure esperientzia… Aprobetxatu dezakegu Arrasateko agenda feminista ere osatzeko: lehentasunak, gaiak, aldarrikapen berriak eta zaharrak… Ilusio handia egiten digu ekimenak, eta gustatuko litzaiguke herriko jende dezente elkartzea", azaltzen du Beltran de Gebarak. "Eta bereziki, jende gaztea erakarri nahi dugu", azpimarratzen du.
Joaten diren guztiek, gazte, heldu zein adineko, mokadutxoa eta ardo goxoa izango dituzte, Emakume Txokoak eskainita.
Helburu bat, bi adar
Urtero moduan, aurten ere eskaintza bikoitza dago Emakume Txokotik bideratuta: batetik, eskaintza orokorra, eta bestetik, hiru urte badaroatzan Jabetze Eskola. Hauxe esaten digu Amets Beltran de Gebarak: "Helburua beti berbera da: berdintasunezko gizartearen alde egitea. Horren barruan, Jabetza Eskolak, ikastaroen bitartez, emakumeok hainbat esparrutan bizi dugun egoerari modu kritiko baten erreparatzen lagundu gura du; norbere garapenean arreta jarrita, lan pertsonala eta taldekoa eginez. Horregatik, tresna zehatzagoa da berdintasunera begira. Jabetza Eskolak sakondu egiten du gure helburu orokorrean".
Urtero zenbait jardunaldi antolatzen ditu Jabetze Eskolak. Aurten, gai hauek aukeratu dituzte: Irakurketa kritiko-feminista, Emakumeen urratsak literaturan, Emakume identitatea eta jabetza, Emakumeak kameraren atzean, Nire gorputzaren bila izeneko tailerra eta urriaren 21eko kafe-tertulia.
Autoen mekanika, ikasgai
Bide berberak jarraitu behar dira Emakume Txokoak antolatu duen beste edozein ekintzan izena emateko. Eta oraingo hiruhileko egitarauak baditu aukera erakargarriak. Beltran de Gebarak hauek nabarmentzen ditu: "Autoen oinarrizko mekanika eta mantentze lanen ikastaroa dago; betidanik gizonezkoen kontu gisa hartu da, eta interesgarria iruditu zaigu ikastaro hori antolatzea, emakumeok ere gai garelako. Bestetik, margogintza ikastaro-laborategia emango dugu; eta modu eragingarrian komunikatzeko tailerra ere, Pepa Bojo irakasleak emanda, Emakume Txokoan oso ezaguna". Horiez gain, argazkilaritza hastapen tailerra, sormen eta Afrikako dantzena, gorputz-mugimendu kontzientearena, pilatesena eta sendabelarren eta osasunaren gainekoa daude aukeran.
Horiek, ikastaroak; tailerrak honakoak dira: Monterie ondo ipintzen ikasi nahi?, Dantza librea eta Taller intensivo de creación: del cuerpo y la pintura a la fotografía y el vídeo.
Ikastaroetan eta tailerretan parte hartzeko baldintza bakarra da emakumea izatea. Arrasatearrek zein kanpokoek parte har dezakete, honako prezioak ordainduta: 35 euro Arrasaten erroldatutakoek; 25, langabeek; eta 42, Arrasaten erroldatuta ez daudenek.
Emakumeon topagunea
Ikastaro eta tailerrez gain, honako ekintzak antolatu ditu Emakume Txokoak urrirako eta azarorako: Montehermosora kultura irteera eta feminismoaren gaineko erakusketen bisita gidatua (urriak 15), Emakumeak eszenan antzerki zikloan, Ogiyik ekarri etzun semia antzezlana (urriak 19), Mujeres frontera kontzertua eta argazki emanaldia (azaroak 5), Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguneko ekintzak (azaroak 25) eta Emakumeak protagonista: Uxue Alberdik Maialen Lujanbio elkarrizketatuko du (azaroak 30).
Edozein ekintzatan zein Jabetze Eskolan izena emateko, Emakume Txokora joan behar da (Uarkape frontoi atzean, Altamirarako bidetik), 943 79 41 39 telefonora deitu edo www.arrasate-mondragon.net webgunea bisitatu. Doako umezaintza zerbitzua dago beharra dutenendako.
Emakume Txokoak ohiko espazioak eta zerbitzuak ematen jarraitzen du: doako aholkularitza juridikoa zein ekintzak egiteko gelak eta, Beltran de Gebararen hitzetan, "adin eta jatorri guztietako emakumeek elkar topatzeko gunea".
Sendotuz joan den eskola
Aurtengo Jabetze Eskolaren egitarauak honako jardunaldiak dauzka: irakurketa feminista kritikoak, emakumeak euskal literaturan, emakume- identitatea… beste behin, arduradunak eskaintza erakargarria egiten ahalegindu dira.
Orain dela hiru urte egin zuen apustu Emakume Txokoak Jabetze Eskolaren alde, eta, pixkana-pixkana, sendotuz joan da: "Hasierak ez dira beti norberak gura adina onak izaten, baina osatu dira taldeak eta badoa aurrera Jabetze Eskola", dio Amets Beltran de Gebarak. Sare-proiektu baten sortu zen, eta Gipuzkoako beste hiru herritan bakarrik ematen da.
