Arrasatearrak gaizki ibili ziren lehen zatian, intentsitate falta handia izan zuten. Taula azpian errebote asko lapurtu zizkieten zarauztarrek eta kanpotarrak fin ibili ziren kontraerasoan; Larreategiren mutilak berriz, defentsan makal samar. Horrela, diferentzia ederra eskuratu zuen arerioak; 29 eta 45eko markagailuaz burumakur joan ziren arrasatearrak aldageletara.
Atsedenaldiarekin berpiztu
Gogotsu ekin zioten MUko jokalariek hirugarren laurdenari; intentsitatean asko hobetu zuten. Hala, Zarautzen erasoa gelditzea lortu zuten eta saskiratzeetan abilezia gehiago erakutsi zuten. Aldea hiru puntura gutxitzea lortu zuten. Hala ere, laurdenaren bukaera adierazi zuen tinbrearekin batera Zarauzko jokalari batek kantxaren erditik baloia jaurti eta hiruko ikusgarria lortu zuen. Saskiratze horrek min egin zuen Larreategiren mutilen aldartean, eta baita markagailuan ere (50-58).
Laugarren laurdenean ere nahiko ondo ibili ziren etxekoak. Arrasatearrak saiatu ziren partidua berdintzen, baina ezin. Amaierarako 2 minutu falta zirenean 2 puntukoa zen aldea. Azken txanpan baina, kanpotarrak hobeto ibili ziren eta etxekoek huts egin zuten hiruko jaurtiketetan. "Maldan gora egin zaigu hasierako aldea " esan zigun Larreategik partiduaren amaieran.
Kronika eta Josu Larreategiri eginiko elkarrizketa asteleheneko paperean.