Iaz Arrasateko kiliki eta erraldoiek jaso zuten enbutua, eta gaurko Nobenaixuen Euskal Herrian lehen bertso eskola sortu zuten lagunei egingo diete omenaldia. Hain zuzen ere, ibarreko hiru lagunek egin zuten bertsolaritzaren aldeko pauso esanguratsu hori, nahiz eta seguru, hasi zirenean helburu xumeagoak zituzten buruan.
1976an, oraindik ere Frankoren denboran, Almen ikastetxean eskola orduz kanpo bertso eskolak ematen hasi ziren. Zapatuetan batzen ziren, eta Eskoriatzako Juanito Akizu, jaiotzez Errenterikoa den baina ezkondu ostean Eskoriatzara bizi izatera joan zen Santi Iparragirre eta Patxi Goikolea arrasatearrak izan ziren eskolekin hasi zirenak.
Halaxe azaltzen zuen Santi Iparragirrek Argia astekarian 1986an egin zioten elkarrizketan (Orduan Iparralden bizi zen Iparragirre, errefuxiaturik): " Lehenengo momentu hartan hasitakoak, Sarasua hiru anaiak, Iñurrategi, Isazelaia, Arantxa Loidi, Daniel Goikolea... Koadrila honekin gertatu zen piska bat aurreratu genuenean besteekin aspertu egiten zirela, gauza sinpleegiak ikasi beharra edo, eta bereizi egin genituen. Nagusiekin "Apotzaga" soziedadera joaten ginen, eta besteekin eskolan elkartzen ginen. Bai batzuekin eta bai besteekin astean behin egiten genituen bertso eskolak".
Abestia aurkeztuko dute
Omenaldiarekin batera, Nobenaixuen aurten nobedadea den MKJ kantua aurkeztuko dute, herriko hainbat lagunek, eta taldek, auzolanean egindako abestia, alegia. Eta kantua aurkeztearekin batera abestiaz osatutako CDa banatuko dute herritarren artean, debalde: "Kopia dezente egin ditugu, bi mila", baina gaur ez dituzte denak banatzeko moduan izango: "Dagoeneko batzuk, konpromisoak tarteko, banatu ditugulako", adierazi digu Maritxu Kajoi batzordeko kide Haritz Zubiatek.
Hala, abestia fisikoki eskuartean izan nahi duenak ezingo du arratsaldeko azken ordura arte itxaron, baina jakin, egunotan bertan berrituko duten webgunean (www.maritxukajoi.org) jaitsi ahal izango dela: "Joan den astean sarean entzungai jarri genuen kantua, eta orokorrean jendeari asko gustatu zaion irudipena dugu, iritzi hori batu dugu, behintzat. Egia da gazteengandik gertuago egon daitekeen musika estiloa dela; akaso, nagusiendako zaratatsuegia", dio barrez Zubiatek.
Hala, aste barruan Maritxu Kajoiren laguntzaile diren tabernetan banatuko dituzte CDak, abesti orijinalarekin batera, berriak ere jendea dantzan jar dezan. Webgune berria, berriz, batez ere diseinu aldetik izango du aldaketa handiena: "Lehengo eta oraingo kantuak egongo dira bertan, argazki historikoak, Maritxuren historia, egungo materiala eta beste gauza asko".