25 urte pasa dira bi erretratu hauen artean

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 29a

Hilabete gutxi barru beteko dira 25 urte Roman Lopezek eta Rosi Katangak emakumezkoen Mondra taldea sortu zutenetik. Eta, orduan egindako lana bistan dago, gaur egungo taldeak bigarren mailan hasi berri duelako liga, iaz kategoriaz igo ostean. Hala, domekan jokatuko dute zuri-moreek etxeko lehenengo partidua (12:00), eta partidua baino lehenago omenaldia egingo diete taldearen sortzaileei.

1987an emakumezkoen Mondra taldea sortu zuten. Hasiera gogorra izan zen, taldean jokalari gutxi eta baliabide eskasak zituzten-eta; baina, era berean ilusioz eta gogoz betetako taldea zen. Urteak aurrera, taldea esperientzia hartuz joan zen, Ligako eta Kopako tituluak irabaziz, eta 1994-1995 denboraldian Nazional mailara igotzea lortu zuten.

Ordutik, kirol esparruan, urte batzuetan taldeak gorabeherak izan arren azken urteotan Territorial mailan sendotzen joan da Mondra, lorpen azpimagarriekin: Gipuzkoako txapeldunak hainbat urtetan, Kopa-ko txapeldunordeak eta azkenen denboraldi honetan taldea 2.Mailara igo da.

Hala ere, garaipenik garrantzitsuena kategoria ezberdinetako nesken taldeak sortu izana da. Egun talde hauek ditu Klubak: Infantileko bi talde, Kadetezko bat eta Bigarren Mailako lehen taldea. Eta horrekin batera, futbol eskolak ere lanean dihardu. Hala, guztira 50 jokalaritik gora daude klubean (8-30 urteko adineko neskekin). Eta aipagarria da, baita ere, azkenengo 25 urte hauetan 400 jokalarik baino gehiagok jantzi dutela elastiko zuri-morea.

Domekan, omenaldia eta partidua

Mondrako neskek Logroñoko Revellin taldearen kontra jokatuko dute domekan (12:00etan Mojategin). Etxeko zaleen aurrean debuta izango da, joan den astean ligako oilarretako baten etxean, Lezaman, galdu ostean (3-1): "Athleticen kontra galtzea aurreikuspenetan sar zitekeen zerbait da, baina hango teknikariek zoriondu egin gintuzten partidu amaieran, buruhauste bat baino gehiago emateko gauza garela ikusi zutelako. Emaitza horrekin inor ezin daiteke pozik geratu, baina balorazio positiboa egin genezake, zuri-gorriak ondo estutu genituelako, batez ere 2-1ekoarekin. Garbi dagoena da liga honetan lehiakorrak izan nahi badugu %200 ematera irten behar garela zelaira, dena eman behar dugula, bestela jai dugu", adierazi digu taldeko entrenatzaile Jon Zuloagak.

Domekako partiduaren aurretik taldearen 25. urteurrenaren barruan omenaldia egingo diete Rosi Katangari eta Roman Lopezi, eurak izan zirelako 1987an taldea zortu zutenak. Horrekin batera, jakin, Mondrako nesken partiduak debalde jarraitzeko –Mojategikoak– laguntzaile txartelak atera dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak