Mondragoneko Kongresuak datozen urteetarako Enpresa Politika onartu du

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 28a

Mondragon Korporazioaren 2011ko Kongresua egin dute gaur Arrasaten. Urteroko hitzordu korporatibora 650 konpromisario zeuden deituta, taldean integratuta dauden kooperatiba guztien ordezkaritzan. Etorkizunean garrantzi handia izango duen dokumentu bat onartu dute, aho batez. 2013-2016 Politika Sozioenpresariala txostenean batzen da eta, bertan, Korporazioaren bisioa, erronka eta oinarrizko enpresa jardueraren ildoak definitzen ditu. Mondragonek bere enpresa sarea eraldatu nahi du, balio erantsiko enplegua sortzeko.

2013-2016 Politika Sozioenpresariala kooperatiben plan estrategikoak lantzeko abiapuntua ezartzen duen dokumentua da, eta erronka bat planteatzen du, honela laburtzen dena: "gure enpresa sarea eraldatzea", balio erantsiko enplegua sortzeko.

Mondragonek datozen urteetarako proposatzen duena da negozioen kokapen lehiakorra hobetzea, pertsonen konpromisoa eta nortasun kooperatiboa indartzea, eta negozio errentagarriak eta iraunkorrak dituen enpresa talde bat izatea, balio erantsiko enplegua sortzeko.

Bost jarduera ildo

Erronka hori lortzeko, oinarrizko bost jarduera ildo zehaztu dira:

  • Dimentsionamendua eta Nazioartekotzea, merkatu globalean dimentsio egokia eta lehiakorra bilatzeko.
  • Berrikuntza, Sustapenarekin eta Ezagutzarekin batera, negozio ereduak etengabe berritu ahal izateko eta etorkizuneko sektoreetan jarduerak sustatzeko. 
  • Elkarren arteko lankidetza, kooperatiben artean eta kanpoko aliatuekin, merkatuaren aukera optimizatzeko eta irtenbide integralak eta balio erantsi handiko prestazioak eskaintzeko. 
  • Konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, nortasun ezaugarri kooperatiboak indartuz, gure Balio eta Printzipioekin eta Gestio Ereduarekin bat etorriko diren jarrera eta portaeretan adierazita.
  • Erronka horrek zer aldaketa/egokitzapen eskatuko ditu? Besteak beste, negozioen dimentsioa merkatu globalera egokitzea, gorabidean dauden merkatuetara orientatzea, aliantza estrategikoen garapen posiblea, hazteko aukera gutxien duten jarduerak birbideratzea, eta irmotasunez proiektu integral korporatiboak garatzearen alde egitea.

Etorkizuneko ardatzak

Une horretatik aurrera, esparru estrategiko moduan balioko duen politika onartu eta gero, aurrera begira zehazten den egutegiak ezartzen du 2012. urteko Gestio Plana dagoeneko gestio ildo horietarantz orientatu beharko dela eta, gainera, kooperatibek, datorren urtean, 2013-2016 aldirako Plan Estrategikoak definitzeko eta dagozkien Gestio Planak hedatzeko egin beharreko hausnarketak egin beharko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak