Udazkenerako egitarau zabala eta askotarikoa Amaia Antzokian

Txomin Madina Milikua 2011ko irailaren 28a

Beteta dator udazkena Amaia Antzokiarentzat; ikuskizunez beteta eta aurpegi berriarekin. Izan ere, aurreikusten da urriaren 7rako antzokiko sarreran egitekoak diren lanak amaituta egotea. Udalak gaur aurkeztu du urritik abendura bitarteko egitaraua eta, esan dutenez, asmoa da arrasatearrek kulturaz herrian bertan gozatzea.

Zineman, Zinemalditik pasa diren bi pelikula euskaldun ikusiko dira urrian: 14an, 16an eta 17an Bertsolari, eta urriaren 29ko asteburuan, Urte berri on amona! Zinekluba gainera, egunez aldatu dute: aurrerantzean, eguenean beharrean, martitzenean izango da. 20:30etan hasiko dira zineklubeko emanldiak; urriaren 18koa baina, 19:00etan hasiko da.

Ia asteburuero zerbait

Oreka TX-ek, Kukai dantza taldeak eta Amaren Alabak-eko neskek txalaparta, musika eta dantza uztartzen dituzte Hostoak ikuskizun arrakastatsuan, eta abenduaren 17an ekarriko dute Arrasatera.

Antzerki emanaldietan bestalde, Yllana eta Ttanttaka taldeen azken antzezlanak pasako dira Amaia Antzokitik. Yllanak Sensormen antzezlana aurkeztuko du urriaren 23an; Ttanttakak, Ipar haizearen kontra urriaren 30ean. Enfilat's talde kataluniarrak bere aldetik, Plecs antzerki-zirkua ekarriko du Arrasatera. Umeendako antzerkiak ere izango du bere tartea: urriaren 1ean Tira! Aurrera! lana egongo da ikusgai Pantha Rei taldearen eskutik; urriaren 15ean, aldiz, Vaivenen Miauless. Abenduaren 10ean teatro paraisok Ezetz hegan egin antzelana eskainiko du.

Musikan, Mujeres Frontera izeneko emanaldia egingo dute azaroaren 5ean hainbat musikariren parte-hartzearekin; abenduaren 23an aldiz, gospela egongo da Chicago Mass Choirren eskutik. Abenduaren 31an, Arrasate Musikaleko banda izango da taulara igoko dena.

Zarzuela eta Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa

Eta urteroko hitzorduen artean, bi: batetik La Revoltosa, aurtengo zarzuela (azaroaren 18, 19, 25 eta 26an); eta bestetik Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketaren XIX. edizioa, aurten egun bat gutxiago izango duena (abenduaren 3, 4, 5 eta 6an).

Amaia antzokiko gida berezia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak