Andy Wozniak: "Automozioa ikasi arren, suhiltzailetarako prestatzea pentsatzen nabil, lan ona omen da eta"

Julen Iriondo 2011ko urriaren 8a

Wozniak abizendun gazte honek (Berlin, 1990) Ander du, adibidez, helbide elektronikoan, baina haren izena Andy da. Errugbian dihardu azken urte hauetan, eta suhiltzaile izateko prestatzea pentsatzen ari da. Fisiko indartsua behar da bietarako, baina buzkantz batzuek ez dute kalterik egiten.

Izen-abizen horiek ez dira hemengoak...
Berlinen jaio nintzen eta Andy jarri zidaten izena; baina 4 urterekin Euskal Herrira etorri nintzen eta hemen Ander deitu behar izan zidaten, paper kontuengatik eta bestelakoengatik. Baina nire izena Andy da. Abizena, berriz, Poloniatik dator.

Askotan eman behar izan duzu azalpen hau?
Hasieran bai, baina Arrasaten dagoeneko denok elkar ezagutzen dugunez, orain ez hainbestetan. Baina oraindik ere izaten da bateren bat galdetzen didana, batez ere ligatzeko orduan.

Zergatik errugbian?
Bada, egia esanda, futbolean hasteko asmoa neukan; baina futbolean ez nintzen oso ondo moldatzen eta, Garagartzan errugbi zelaia ere etxe ondoan neukanez, probatzea pentsatu nuen. Eta behin probatuta errugbian jarraitu dut orain arte.

Noizko kontuak dira hasiera haiek?
Gogoan dut 15 edo 16 urterekin Arrasaten ez geundela nahiko jende taldea sortzeko eta lehenengo partiduak Gaztedi taldearekin jokatu nituela.

Gaztetxotan hasteko kirol aproposa da errugbia, kolpeak, behar den indarra... kontuan hartuta?
Nik uste dut baietz; hasieran ez dira hainbeste kolpe izaten, eta indarra ere ez da erabakigarria izaten. Gero dira handiagoak kolpeak eta indarraren eragina.

Ze ibilbide egin duzu errugbian?
Lehen esan bezala, kanpoko taldeetan ibili nintzen aurrena eta iaz Durangon jokatu nuen seniorretan, 2. mailan. Oso gustura egon nintzen han.

Nola eramaten dira kolpeak, lesioak...?
Beti izaten dira kolpeak, baina lesio larririk ez dut izan. Asko jota, bihurrituren bat. Ados nago futbola astoek jokatzen duten zaldunen kirola dela eta errugbia zaldunek jokatzen duten astoen kirola dela dioen esaerarekin.

Egunerokoan, zer ematen dizu errugbiak?
Ez dakit ondo nola adierazi, baina bete egiten nau barrutik.

Eta nola moldatzen zara kapitain lanetan? Zein da zure funtzioa?
Hasiberria naiz kapitain moduan, baina, gorabeherak izan arren, oraingoz ondo moldatzen naiz. Zelaian, nire egitekoa izaten da epaileari helaraztea taldekideen kexuak-eta, taldearen ordezkaria izatea; nire lagunak animatzea eta, noiz edo noiz, kargu hartzea ere bada nire egitekoa. Aldagelan, berriz, partiduan gertatutakoa komentatzen dugu. Dena dela, kapitaina jokalari bat gehiago da eta denon artean ateratzen dugu kontua aurrera.

Baduzu aspirazioren bat errugbian?
Errugbia kirol zaila da aspirazio handiak izateko. Baina nork daki... Nik errugbirako gogoa badut, eta denbora ere bai, eta hori behar da disfrutatzeko.

Hirugarren denbora ere gustuko omen duzu...
Bai, gustuko dut; aurkariekin harreman ona izateko eta lagun berriak egiteko aukera ematen du. Beste kirol batzuetan ez dago horrelakorik.

Eta ikasketak, zer moduz?
Automozioa ikasi dut. Berez, ez zait askorik gustatzen ikastea, baina gaia gogoko badut, bai. Autoak gustuko ditut; klasikoak eta bizkorrak gustatzen zaizkit.

Baina suhiltzailetarako omen zoaz...
Pentsatzen nabil, bai. Lan ona dela esaten dute. Baina proba fisiko gogorrak pasa behar omen dira, eta teoria asko ikasi ere bai. Ikusiko dugu zer egiten dudan.

Buzkantzik jan zenuen San Migeletan?
Bai! Garagartzan, giro ona eta buzkantz goxo-goxoak egoten dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak