Uda ostea sasoi egokia da zorriendako. Zergatik? Umeek igeritarako bainu-txanoak trukatzen dituztelako, toallak...?
Zuzeneko harremanez kutsatzen da gehiago txanoekin-eta baino: buru bat beste buru baten ondoan dagoenean arrisku handia dago kutsatzeko; hori da modu egokiena kutsatzeko. Ze gertatzen da udan? Gure bizimodua asko aldatzen da, erlaxatu egiten gara eta kalean gehiago egoten gara, kanpalekuetan… Zuzeneko harreman horiekin umeak kutsatu egiten dira, eta, gurasoak konturatu ezean, umeak eskolara bueltatzen dira zorriekin.
Hortaz, gomendagarria da umea eskolara bidali aurretik errepasoa egitea.
Ez da ideia txarra.
Posible da nagusiek ere izatea?
Bai, posible da, baina azal kontuengatik eta PHagatik errazagoa da nerabezarora arte izatea, baina arriskuan guztiok gaude.
Nola begiratu behar zaio umeari zorriak dituen edo ez jakiteko?
Ikasi egin behar da zorriak nolakoak diren. Gurasoek askotan egiten dute kontsulta esaten umeak azkura duela, baina zorririk ez duela. Baina egon egoten dira. Argi ona behar da burua begiratzeko, eta denbora eta pazientzia. Izan ere, zorriak askotan ez dira erraz ikusten; ezkutatu egiten dira, edo gutxi daude eta ez dira antzematen. Baina bartzak, haien arrautzak, hobeto ikusten dira. Belarri ostean eta lepo aldean egoten dira, eta argi on batekin nahiko ondo ikusten dira. Bartzak ez dira erraz kentzen, pega-pega eginda egoten dira eta hori da zikin zein azal zati batekin bereizteko modua. Tira egin behar da.
Umeak zorriak dituela konturatuz gero, zer egin behar dugu?
Lehenik eta behin, ziurtatu egin behar dugu zorriak dituela umeak. Ez da komeni ezer botatzea burua soilik prebenitzeko asmoz. Zorria dagoenean, egokiena da orrazia ondo pasatzea, handiena kentzeko. Gero, erabaki egin behar da sistema mekanikoa bakarrik erabiltzen jarraitu nahi den, hau da, orraziaren bidea, edo kimikoa ere egin behar den. Kimikoaren kasuan, hipermetrina eta familiako likidoez gain, badaude silikonazko berriak. Horiek egiten dutena da burua estali eta zorria deshidratatu, eta hil egiten da. Gai kimikoak erabiltzen badira, sistema mekanikoa ere erabili behar da. Mekanikoa bakarrik erabiltzen bada, hau da, orraziarena, oso zorrotza izan behar da eta egunero egin; bestela, ez da eraginkorra. Errazena izaten da mistoa egitea: likidoa erabiltzea, baina orrazia ere pasatzea, oso inportantea da-eta. Bestalde, likidoaren kasuan, kontua ez da behin botatzea eta listo. Gutxienez, hilabetean egin behar da tratamendua; hau da, lau astean egitea komeni da, baina, normalean, behar izaten dira sei edo zortzi aste.