Gorka Herranz: "Aurkariaz fidatzen gara, kirol honetan inoiz tiro bat jasotzen duten jokalariak baztertzen ditugu"

Ander Monedero 2011ko irailaren 27a

Gorka Herranzek (Arrasate,1987) goi mailako informatikako heziketa zikloa egin zuen eta orain, ingeniaritza informatikora salto egin du. Aisialdian, besteak beste, airsoft izena duen joko batean aritzen da; hark azaldu digu zer den eta nola jokatzen duten.

Zer da airsofta?
Estrategia joko bat da, eremu mugatu batean bi taldek aurkariaren bandera eskuratzean datza. Aurkaria kanporatzeko, pistolak, metrailetak eta errifleak erabiltzen ditugu. Jokalariak tiro bat jasotzen duenean, kanporatu egiten da.

Nola ezagutu zenuen airsofta?
Orain dela lau urte, airsoft partida batean parte hartzeko gonbidapena egin zidan lagun baten bitartez ezagutu nuen.

Paintballaren antzeko jokoa da. Zeintzuk dira airsoftaren eta paintballaren arteko diferentziak?
Paintballean pinturaz betetako pilotekin jarduten da eta airsoftean, berriz, PVCz egindako pilotekin jokatzen dugu. Bestalde, airsoftean arma errealen erreplikak erabiltzen ditugu.

Paintballean pintura arrastoengatik jakiten da aurkaria jo duzun edo ez. Nola identifikatzen duzue aurkaria jo duzuen edo ez?
Aurkariaz fidatzen gara. Kirol honetan inoiz tiro bat jasotzen duten jokalariak baztertzen ditugu. Jokalari batek tiro bat jasotzen duenean hasierako puntura itzuli behar du, eta han bi minutu igaro ondoren berriz ere partidara bueltatzen da.

Ez dago epailerik?
Txapelketetan epaileak izaten dira, baina lagun arteko partidetan inork ez du epaile izan nahi eta, normalean, epaile barik jokatzen dugu.

Nola antolatzen dituzue airsoft partidak?
Elkarte bat dugu, UMA izenekoa, eta webgunearen bitartez antolatzen ditugu partidak. Normalean, Orozkon (Bizkaia) jokatzen ditugu partidak.

Nongo kideak ditu UMA elkarteak?
Batez ere, Debagoieneko, Durangaldeko eta Gasteizko kideek osatzen dugu elkartea, baina badira Gipuzkoako beste herri batzuetako kideak ere.

Zenbat pertsona behar dira airsoft partida bat jokatzeko?
Jokatzen dugun eremuaren arabera parte-hartzaile kopurua aldatu egiten da. Egokiena 20 eta 32 arteko kopurua da. Taldean jokatzen den jokoa da eta estrategiak garatzeko talde handia behar da.

Zelako eremua behar da airsoftean aritzeko?
Normalean, mendian jokatzen dugu, baina eraikin zaharretan ere jokatu izan dugu.

Jokatu ondoren, botatako pilota guztiak batzen dituzue?
Ez. Erabiltzen ditugun pilotak biodegradagarriak dira. Pilotak busti eta handik bi egunera desegin egiten dira; beraz, partida jokatu eta bi edo hiru egunera ez dago arrastorik.

Zer-nolako armak erabiltzen dituzue?
Era guztietako armen erreplikak erabiltzen ditugu: pistolak, metrailetak eta errifleak. Pistolek sistema elektrikoarekin edo gasarekin funtzionatzen dute eta piloten inpaktuek minik ez egiteko txalekoak eta betaurrekoak erabiltzen ditugu.

Joko hau edozeinek praktika dezake?
18 urte baino gehiago dituen edozeinek egin dezake.

Noiz asmatu zen airsofta?
60ko hamarkadan, Japonian, etxean armak edukitzea debekatu egin zuten eta pilotak jaurtitzen zituzten erreplikak saltzen hasi ziren. Pertsona batzuk gerra egoerak simulatzeko erabiltzen hasi ziren eta pixkanaka mundu osoan zabaldu da.

Azken urteotan jokalari kopuruak gora egin du?
Bai. Normalean, jendeak paintballean jokatu ostean ezagutzen du airsofta. Paintballean ez da estrategia lantzen, eta horrek erakarrita hasten gara joko honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak