Enrike Letona: "Presoak prozesuaren parte garrantzitsua dira eta zer esana dute aurrera egiteko"

Maider Arregi 2011ko ira. 26a, 11:31


Atzo bete zen urtea hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Bakebidean aterabide demokratikoen akordioa sinatu zutenetik eta bi egun lehenago akordioarekin bat egin du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Enrike Letona arrasatearrarekin izan gara.

Urrats honek gatazkaren konponbidea ekarriko du?
Beste batzuk ere eman behar dute urratsa. Ezker abertzalea eta beste eragile batzuk pausoak ematen ari dira etengabe prozesu hau martxan jarri zenetik. Orain denek onartzen dute prozesu hau aurrera joango dela, nahi edo ez. Izan ere, badirudi estatuari ez zaiola interesatzen prozesu hau aurrera ateratzea. Indarkeria zegoenean kexu ziren eta orain, ez dagoela, berdin jarraitzen dute; konponbiderik izatea ez dutela nahi dirudi. Presoek parte hartu behar dute prozesu honetan, gehien sufritzen dutenak dira eta badute zer esana; lagungarriak dira prozesua aurrera eramateko.


Presoen eskubideez hitz egiten du Gernikako Akordioak.
Espetxe politikarekin apurtu behar dela esaten du. Ez dugu ahaztu behar sakabanatuta daudela estatu osoan eta horrek zigor erantsia suposatzen duela: isolatuta, familiak milaka kilometro egiten, Parot doktrina…

Kolektiboak akordioa ez zuela osorik bere egingo iradoki zuten.
Komunikatua irakurtzen badugu argi dago bat egiten dutela osotasunean akordioarekin. Euren komunikabideak erabiltzen dituzte jendearen iritzi publikoa manipulatzeko eta ematen du ez dutela prozesuak aurrera egitea nahi.


Espainiako Gobernutik "urrats  inportantea" dela esan dute.
Orain ikusi behar dugu eurek zein urrats ematen duten. Ea nola ekartzen dituzten Langraitzeko kartzelara preso guztiak, gaixorik daudenak kaleratu... azken finean legea betetzea da. Jendeak horren kontzientzia hartu behar du. Estatuak ikusi behar du jendea kontra dagoela; kaletik presioa egin behar dugu presoak etxera etortzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak