Jaki goxoen artean dantzan eta kantuan eman dituzte hiru egun. Euskadiko andaluziarren festa izan da, baina festa irekia egin dute eta antolatzaileen esanetan asko izan dira ospakizunetan eurekin bat egin duten arrasatearrak. "Lan talde bikaina izan dugu lagun; Al-Andalus elkarteko kideak. Lan bikaina egin dute", adierazi du Euskadiko andaluziar etxeen elkarteko presidente Juan Graciak.
Euskadi osoko 12 andaluziar etxek izan dute ordezkaritza Laubide plazako karpan, baita Kordobako Montilla herriak ere. "Montillako gozoak, ardoa, kupel fabrikazioa eta eskaintza turistikoa ekarri ditugu", adierazi du Montillako alkateorde Jose Repisok. "Zur eta lur geratu gara Euskadiko andaluziarrek egiten duten lanarekin, eta Andaluziarekiko sentitzen eta erakusten duten loturarekin".
Senidetze proposamena
Domeka eguerdian egindako harrera ekitaldi nagusian ordezkari politiko ugari elkartu ziren. Alderdi sozialistatik Jose Antonio Pastor, Paco Gartzia eta Aritz Arrieta. Alderdi popularretik, berriz, Itziar Lamarain. Aurreskuarekin zabaldu zuten ekitaldia eta hitzaldien txandan Montillako alkateordeak Montilla eta Arrasate senidetzeko proposamena egin zion Arrasateko udalari. Arrasateko alkateorde Amaia Larrañagak erantzun zuen gaia aztertuko dutela. "Pentsatuko dugu, izan ere eztabaidatzeko kontua da. Herri askok eskatu digute senidetzea eta zaila izaten da batzuei baietz esatea eta besteei ezetz". Andaluziarren eta euskaldunen arteko elkarbizitza nabarmendu zituzten denek.