"Hasieran kosta egin zaigu euren kanpora sartzea, baina hobetzen joan gara eta azken minutuetan hobeto ibili gara, gogo gehiagorekin", adierazten zuten Kanpanzar-Arrasate taldeko mutilek norgehiagoka amaieran. Akaso Arrasatekoen garaierak zerikusia izan du Bilbokoen ezinarekin, baina markagailuak argi hitzegiten du; 38-00.
Mojategiko harmailetan bildutako jendeak ere eskertu zien egindako lana. Txalo zaparradarekin agurtu zituzten norgehiagoka amaieran. Izan ere, aurtengo denboraldia oso polita izan daiteke Arrasateko errugbizaleendako. Azken denboraldietan taldeak zailtasun dezente izan ditu, larrienak jende faltagatik. Iaz Durangorekin lortutako akordioak ez du jarraipenik izango eta aurrera egin nahi badu taldeak etxeko jokalariekin egin beharko du aurrera. Taldean baikor dira; jende gaztea sartu da eta errugbia lagata zuen jendea itzuli da.
Sei entsegu
Sei entsegu eta lau transformazioa egin zituzten arrasatearrek zapatuko norgehiagokan. Lehenengo zatiko entseguak hiru izan ziren. Carlos Lazkanok, Aitzol Azkarragak eta Beñat Salaberriak egin zituzten. Transformazioak bi izan ziren. Hala, atsedenean markagailua 23-00koa izan zen.
Bigarren zatian ere oso ondo aritu ziren etxeko jokalariak. Beste hiru entsegu eta bi transformazio egin zituzten. Bi entsegu Andoni Altunak egin zituen eta azkena Andy Wosniakek.Ezer gutxi egiteko aukera izan zuten bizkaitarrek. Saiatu arren zailtasun handiak izan zituzten euren jokoa aurrera eramateko eta ez zuten markagailua estreinatzerik lortu.
Irungo taldearen aurka jokatuko dute hurrengo norgehiagoka, denboraldiko bigarrena. Lehenengo garaipen honek indarra eman die Arrasateko mutilei eta gogoz zelairatuko dira Irunen ere.