Dantza, antzerkia eta umorea izan ziren zapatu iluntzean Arrasateko Amaia antzokian. Maniatic@s antzezlanean eguneroko bizitzan ditugun maniez barre egiteko egoera komikoez baliatzen da Organik dantza eta antzerki konpainia. Besteak beste, ohera joaterako orduan, etxea garbitzerakoan edo telefonoz hitz egiterakoak egiten ditugun zentzugabeko keinu, mugimendu eta gauzez barre egin eta horietaz konturatzea da antzezlanaren helburua.
Antzezlana, nola ez, aktore askok duten mania batekin hasi ziren: Amaia antzokiko butaketara jaitsi eta publikoa eurek nahi zuten erara antolatzen saiatu ziren, pasilloko argiak itzaltzeko eskatu zuten... Horrela, publikoa ia konturatu gabe, barrezka hasi eta istorioan sartzea lortu zuten.
Gero eszenatokira igo eta hiru antzezleek beraien maniez hitz egin eta horien inguruan landuriko dantzekin erakutsi zuten euren ohitura txarren burugabekeriak. Lehenengo dantzaldia bukatzerakoak, antzezleak bakarrizketan hasi eta trajea jantzi zuten. Kostatu egin zitzaien trajea ondo sartzea, baina horren ostean, euren nortasuna aztertzeko gai sentitu ziren. Ez hori bakarrik, musikarekin bat egin zuten, eta dantzatzeaz gain, musikak fusionatu egin zituzten: txikitixa, rap edo Nafarroako jotak nahastu zituzten. Argi geratu zen rapa eta Nafarroako jotak nahastea ez dela musika estilo berri bat sortuko, baina, bai antzezlearen mania bat.
Publikoarekin bat egin
Maniatikoek, antzezlanean, identifikazioa erabiltzen dute publikoarekin bat egiteko. Horretarako, norbanakoaren maniak naturaltzat jo eta ondokoarenen zentzugabekeria nabarmentzen dute. Publikoak euren maniekin bat egin eta beraien buruaz barre egin zuten zapatu iluntzean.