Mondrak Lezaman estreinatu du maila berria (3-1)

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 25a

Maila berria estreinatzeko partidu "zailena" egokitu zaie Mondrako neskei. Lezaman, Athletic B-ren aurka jokatu dute mondragoetarrek eta esku hutsik etorri dira. Emaitza txarra aurreikuspenen barruan zegoen; horregatik, kontuan hartu behar dena da taldeak Lezaman egin duen lana.

Parez pare jokatu dute

Mondra indartsu irten da zelaira eta, batez ere, lehenengo zatian kikildu barik jokatu dute, aurrez aurre. 20. minutuan, baina, zalantzazko jokaldi baten ondoren penaltia adierazi du epaileak. Bilbotarrak 1-0 aurreratu dira. Hurrengo jokaldian Mondrak izan du gola egiteko aukera. 30. minutu inguruan, falta baten ondoren sartu dute bilbotarrek bigarrena. Mondrako jokalarien huts egitea edo kontzentrazio faltaren ondorioa izan da gola. Hurrengo minutuetan gora egin dute modragoetarrek baina ez dute aukera garbirik sortu.

Maitane Roaren gola

Bigarren zati hasieran iritsi da Mondraren gola. Zelai erdian baloia lapurtu dute arrasatearrek; pase sakona egin eta Maitane Roa bakarrik geratu da atezainaren aurrean. Roak 2-1ekoa jarri du markagailuan.
Lehia berdintzeko aukera garbiak izan dituzte arrasatearrek; batez ere, korner baten ondoren langa jo dutenean. Baina arrasatearrek ezin izan dute bigarren gola egin, eta gainera, indarrez justu iritsi dira azkeneko minutuetara. Hala, partidua amaitzeko zortzi minutu falta zirela Athletic-ek hirugarren eta azken gola egin du. Modu horretan, lehia erabakita utzi dute bizkaitarrek.

Zaleen babesa izan dute

Mondrako entrenatzaileak pozik zeuden taldeak partiduan egin duen lanarekin eta izan duen jarrerarekin. "Kontuan hartu behar da Athletic-ek Bizkaiko jokalari onenak dituela, selekzioa bat da", azaldu du Andoni Eskurra entrenatzaileak. Gainera, Arrasatetik jende asko joan dela Lezamara gaineratu du.
Aurtengo denboraldiari begira Mondrak fitxatu dituen lau jokalari berriek debuta egin dute Lezaman. Dagoeneko taldera moldatu direla esan du entrenatzaileak, "lehenengo egunetik", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak