Gaur hasiko dira Sanmigelak Garagartzan, asteburuko egitarau zabalaren zain

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 29a

San Migelen omenezko mezarekin hasiko dira jaiak gaur, 19:00etan. Meza ostean luntxa egingo dute 'Patxisenea' auzoetxean. Hala ere, bihar hasi eta domekara arte izango dira ekitaldi gehienak. Izan ere, haur, gazte zein helduendako egitarau zabala prestatu dute aurten ere auzotarrek.

Buzkantzak dira Garagartzako jaien bereizgarri. Hainbat dira egubakoitz eta zapatuan auzoetxera –Patxisenea– Agirre Etxe eta Otamendi harategiek prestatutako buzkantza goxoak dastatzera joaten direnak. Hala, buzkantzek auzoko jaietan duten pisuaren adierazle da egubakoitzeko musika jaialdia.

Buzkentza Rock izenarekin bataiatu dute: agertokietan debuta egingo duen Garraxi, The Magnificents, jaialdirako propio sortu den Mango Baltzak eta Kañeria 13 taldeek joko dute. Arrasatekoak guztiak eta auzokoak musikari gehienak.

Iaz baino 50 bat kilo gutxiago

Buzkantza kopuruari dagokionez, Agirre-Etxeko Iker Agirreurreta harakinaren arabera, 250 bat kilo prestatu dituzte aurten: "Iaz baino zertxobait gutxiago prestatu dugu, auzotarrek hala eskatuta. Urtero moduan, ardi odolaz egindakoak izango dira, goxo-goxoak".

Izan ere, iaz 300 kilo egin zituzten Garagartzarako baina auzo alkateak dioenez, soberan izan zituzten: "Zapatuko eguraldi txarragatik uste baino buzkantza gutxiago jan ziren".
Aurten, beraz, maila apur bat jaitsi dute baina izan dira urteak auzorako zein bi harategietarako 1.000 kilo egin dituztela.

Jarraian duzue jaietako egitarau osoa:

SANMIGELAK 2011 GARAGARTZAN

IRAILAREN 29XEN, EGUENA
19:00 Mesa Samigelen oroimenez
    Mesa ostien luntxa egongo da auzoetxien

IRAILAREN 30IEN, BARIKUE
19:00 Jaixen hasierie, ikurriñe igo eta etxaflero jaurtiketie
19:30-21.30 Arrasateko trikitilarixek ibiliko die kalejiran
22:00 BUZKENTZA ROCK  jaialdixe: Garraxi, The Magnificents, Lotsabakuek eta Kañeria13
3:00 GINKANIE  garagartzako plazan
5:00 Berakatz zopie auzoetxien

URRIAREN 1IEN,ZAPATUE
12:00 Meza auzoko hildakuen alde
12:00-14:00 Puzgarri eta tailerrak TXATXILIPURDIren eskutik
17:30 Gorriti eta bere animalixak
22:00 dantzaldixe TXINPARTA taldiaz

URRIAREN 2XEN, DOMEKA
10:00 Garagartzako VII.Kobate Open futbol partiduek ( umiendako)
11:00 Meza Nagusixe
13:00 Txikitxu taldiaz euskal dantzak
14:30 Auzo bazkaixe
    Bazkalostien,erromerixia Lide eta Eneritz-ekin

BARIKUEN ETA ZAPATUEN BUZKENTZAK EGONDO DIE ATSALDEKO SEIRETATIK AURRERA, AUZOETXIEN

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak