Karmelo Alberdi: "Gustura gaude jasotako erantzunaz"

Irati Goitia 2011ko irailaren 23a

Irailean egin da Kulturate akustikoak egitasmoaren hirugarren edizioa eta antolatzaileak gustura gelditu dira jaso duten erantzunarekin.

Karmelo Alberdi kultura teknikariak adierazi du kalitate oneko kontzertuak izan direla eskainitakoak, eta askotariko estiloetakoak. Gaineratu du jendea oso gustura gelditu dela taldeen emankizunekin eta arreta ere piztu duela talde batek edo bestek. Adibidez, Mammy Wata talde afrikarrak ikuskizunera joandakoen interesa piztu zuela azaldu du, eta, kontzertua amaitu ostean, euren instrumentuak ikustera eta ukitzera jende asko gerturatu zitzaiela ere esan du.

Bigarren asteburua hobea

Alberdik gaineratu du bigarren asteburuan izan ziren kontzertuek (Mamy Wata, Manett eta Keu Agirretxea) harrera hobea izan zutela, lehenengo asteburuan izan zirenek baino (Napoka Iria eta Litoral). Hala, Alberdik adierazi du Litoral taldea ikustera jende gehiago joango zela espero zutela, taldekideak oso ezagunak direlako; 60 lagun inguru joan ziren kontzertu hartara.

Jende gehien erakarri zuen kontzertua, bestalde, Keu Agirretxearena izan zela gaineratu du, 100 pertsona inguru joan ziren bakarlariaren emanaldia ikustera.

Alberdik esan du gehien harritu dituena kontzertuetara joan direnen adina izan dela, 60 urte inguruko jendea joan da-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak