Ospakizunetarako 1.000 metro koadroko karpa jarriko dute Laubide plazan. Bertan egingo dituzte ekitaldi guztiak, domekako meza izan ezik. Hori San Frantzisko elizan izango da.
Ekitaldi jendetsuak
Euskadiko andaluziarren elkarteen federazioa da topaketen antolatzailea. Horrela, autonomia erkidegoko hamahiru elkarte ezberdinetatik etorriko da jendea. Hala, zapatuan egingo duten afarian, adibidez, 500 pertsona elkartzea espero dute. Hala ere, domekakoa izango da egun jendetsuena. Hain zuzen, egun horretan egingo diete agintariei harrera, besteak beste: Arrasateko alkatea, elkarteak dituzten beste herri batzuetako alkateak, Cordobako Montilla herriko alkateordea eta Patxi Lopez lehendakaria espero dituzte.
Herri gonbidatua: Montilla
Jardunaldi hauetara Andaluziako herri bat gonbidatu ohi dute eta aurtengoan Cordobako Montilla da herri gonbidatua. Montillak erakusmahaia izango du Laubiden jarriko den karpan eta herriko produktu tipikoak (ardoa eta pastelak) eta turismo eskaintza izango dituzte. Horretaz gain, kupela bat nola egiten den ikusteko aukera ere izango da, herritik etorriko den upeltegi baten eskutik -Toneleria del Sur-.
Musikari entzutetsuak
Gaur ekingo diete festari andaluziarrek topaketen irekiera ekitaldiarekin arratsaldeko 19:30etan eta behin jai giroan sartuta, ez da gelditzeko aitzakiarik izango domekara arte; arratsaldeko 19:30ean izango da itxiera ekitaldia. Tartean, hainbat emanaldi entzutetsu izango dituzte, esaterako, Maria de la Colina ezagunaren kontzertua domekan, 18:00etan. Gaur, Una noche sin Sabina taldearen emanaldia izango da.