Etxeko jokalariekin osatuko du taldea aurten Arrasatek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 23a

Igor Isasiren mutilek etxean hasiko dute denboraldia. Zapatuan Uni Bilbao taldearen aurka jokatuko dute, Mojategin, 16:30ean.

Denboraldia forma onean hasteko gogor lan egin dute azken asteetan arrasatearrek; hala, taldeak hainbat partidu jokatu ditu; azkena, joan zen aste bukaeran Elorrioaren aurkakoa izan zen.

Durangorekin hitzarmenik ez

Aurtengo denboraldia ezberdina izango da iazkoarekin alderatuta. Izan ere Arrasate errugbi taldeak ez du hitzarmenik lortu Durangorekin. Iaz izandako hitzarmena bertan behera uztea erabaki dute bi elkarteek. Isasik herriko jokalariak baino ez ditu bere aginduetara izango aurten. Dena den, esan behar da arrasatearren erantzuna ezin hobea izan dela. Denboraldi-aurrean 30 jokalaritik gora izan ditu bere aginduetara Igor Isasik. Horien guztien artean gazte taldeko jokalariak ere egon dira entrenamenduetan; izan ere denboraldi berrian senior mailan jokatuko dute jokalari horiek.

Azken partidua, galdu

Kanpanzar Arrasatek 7-12 galdu zuen Elorrioaren aurka denboraldi-aurreko azken partidua, zapatuan, Mojategin.
Igor Isasi entrenatzailea gustura eta pozik geratu zen azken partiduan jokalariek egindako lanarekin. Azaldu du hasierako helburuak bete zituztela: talde sentsazio onak bilatzea, entrenamendutan landutakoa praktikan jartzea eta fisikoki dena ematea. Hala azaldu du Isasik taldeak egindako lana: "Hasieratik taldea oso erasotzaile atera zen, baloiarekin aurrera eginez bai defentsan plakaketa eraginkorrak eginez, eta baita ondo presionatuz ere. Ondorioz aurkariei akatsak egitea eragin genien".
Partiduan zehar akatsak ere egin zituztela onartu du Isasik: "Baina denok oso baikor atera ginen aurtengo denboraldia oso polita izan daitekeelako", azaldu du. Emaitzak onak lortzeko sekretua lana egitean dagoela dio Isasik. Horretarako, orain arte bezala entrenatzen jarraitu behar dutela dio, bai jokalari kantitateari dagokionez, eta baita kalitateari dagokionez ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak