Mondrako neskek Lezaman hasiko dute denboraldia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 23a

Denboraldia hasteko partidu polit baina gogorra izango dute Arrasateko neskek. Ligako lehenengo jardunaldian Athletic B taldearen aurka jardungo dute moretxoek. Domekan izango da lehia, 10:00etan, Lezaman.

Maila berria estreinatuko dute gainera, Jon Zuloagak eta Andoni Ezkurrak zuzentzen duten taldeak. Mondrako neskek emakumezkoen bigarren mailan jokatuko dute. Denboraldia prestatzen abuztuaren 21ean hasi ziren arrasatearrak.

Ligako faboritoak

Ligako talde faboritoa izango da Athletic: "2. mailako talde indartsuena izango da, Abantorekin batera", azaldu du Jon Zuloaga Mondrako entrenatzaileak. Prestaketari dagokionez Zuloagak esan du Bilboko taldea eurak baino lehenago hasi zela denboraldi-aurrearekin, eta horregatik hobeto iritsiko direla. 
"Athletic-ek Bizkaiko jokalari onenak ditu, gazteak dira, baina oso onak", azaldu du. Mondrak, ostera, igo berriak izanda, ahal den denboraldi txukunena egitea izango du helburu.
"Gol aukera gutxi izango ditugu, horregatik izandakoak aprobetxatu beharko ditugu", dio Zuloagak. Lerro guztiak indartuko dituzte Zuloaga eta Ezkurrak domekako partiduari begira.

Lau jokalari berri Mondran

Hiru jokalarik utzi dute taldea, eta etorri, ostera, lau etorri dira. Eibarko, Bergarako eta Tolosako jokalari bana ekarri dute; eta, baita orain arte Gasteizen ibili den baina arrasatearra den Melani Concepcion ere.
Denboraldiari begira, erritmo bizkorreko lehiak izango direla aurreratu du Zuloagak; hala, ondo kokatuta irten beharko dute erritmoari eusteko eta lehia amaierara egoera onean iristeko. Bestalde, gogoratu du aurten "gol aukera gutxi" izango dituztela, eta izango dituzten bakarrak aprobetxatu beharko dituztela.

Bazkide txartela

Mondrako zuzendaritzak nesken bazkide txartela aterako du. 10 euroren truke denboraldi guztiko partiduak ikusi ahal izango dira. Gainera txartel bakoitzak zenbaki bat izango du, zozketetan parte hartzeko balioko duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak