'Uzten al du zientziak Jainkoarendako lekurik?' erakusketa Harresi aretoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 23a

'Uzten al du zientziak Jainkoarendako lekurik?' izenarekin erakusketa ikusgai dago Arrasateko Harresi aretoan. Inciativa Atea elkartea dago erakusketaren atzean, eta Arrasateko Udalaren laguntza izan dute Arrasaten erakusketa antolatzeko. Erakusketaren helburua elizak ezartzen duen pentsaeraz gain beste pentsatzeko modu batzuk eta beste ideia batzuk ere badaudela azaltzea da asmoa.

Helburu hori lortzeko 40 panel jarri dituzte ikusgai Harresi aretoan. "Luis Ledo Regal kazetariaren idatziak dira, eta panelak osatzeko El Jueves aldizkariko Jose Luis Martinen irudiak erabili dira", azaldu du Ambrose Goikoetxeak.
"Panelak dituzten idatzietan galderen bitartez hainbat gai lantzen dira: eliza, Aita Santua, gizakiaren eboluzioa... umore puntuaz jorratzen ditugu gaiak", dio Goikoetxeak.

Eliza eta Estatuaren arteko banaketa

Beste pentsaera eta ideia batzuk ere badaudela erakusteaz gain, Iniciativa Ateak uste du eliza eta Estatuaren artean banaketa egon beharko litzatekeela: "Gure ustez erlijioa librea izan behar da eta horregatik garrantzitsua da eliza eta Estatuaren arteko banaketa". Gaineratu du eliza eta bere dotrina etxe barruko kontuak izan beharko liratekeela, eta "ez eskolan, unibertsitatean eta leku publikoetan" erakustekoak.
Horren harira Goikoetxeak dio Aita Santuak Madrilera egin zuen azken bisitan han izan zirela, beste hainbat elkarteetako kideekin batera: "Aita Santuaren bisitak Estatuak ordaindu izanaren aurka gaude; gura izanez gero etorri dadila, baina ez Estatuaren diruarekin".

Lehenengo aldiz Arrasaten

Luis Ledo Regal kazetariak osatutako erakusketa Santiagon inauguratu zuten lehenengo; eta, ondoren Vilagarcia de Arousan jarri zuten. Gurera eta Euskal Herrira datorren lehenengo aldia izan da Arrasatekoa, horregatik antolatzaileek ez zekiten nolako harrera izango zuen. Egunero 15 bat lagun pasa direla Harresitik adierazi du Goikoetxeak eta ikusleen eta antolatzaileen artean hartu eman ona egon dela.

Iniciativa Atea elkartea

1998an hainbat librepentsalariren artean sortutako harremanaren ondorioa da Iniciativa Atea elkartea. Internazionala eta ateoa da, eta elkarte bezala 2008an eratu zuten.
Sarean du lekua elkarteak eta han ideiak eta pentsaerak trukatzen dituzte bazkideek. Gaur egun 7867 erabiltzaile daude erregistratuta sarean.
Goikoetxeak herritarrak animatu gura ditu erakusketa ikustera: "Etor daitezela gaur 18:00etatik 20:00etara. Hemen ikusten dutenaren gainean galderak egiteko aukera izango dute. Bestalde, edozein zalantza izanez gero idatz dezatela agoikoetxea1@telefonica.net helbidera eta erantzungo diet", azaldu du. Gaur da azken eguna erakusketa ikusteko. Aurrerantzean ere erakusketa gurera ekartzeko asmoa azaldu du Goikoetxeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak