Pozik azaldu dira Euskal Selekzioko arduradun eta kirolariak eta emaitzok lantalde bikainaren fruitu direla nabarmendu dute denek. "Emaitzok erakusten dute gauzak ondo egiten ari garela, oso gustura nago", esan du Antxon Burcio Euskal Mendizale Federazioko zuzendari teknikoak. Ildo beretik mintzatu da Kepa Larrea arrasatearra ere –arduraduna Eneko Alienderekin batera eta entrenatzaile ohia–: "Zazpi urte egin ditut Euskal Selekzioan eta bilakaera izugarria izan da. Talde ona, humanoa eta finkoa osatu dugu. Emaitzak onak dira, bereziki, Oihana Kortazarrek lortutakoak; haurdunalditik bueltan harrituta utzi gaitu".
"Ez dakit denboraldi hau parekatzea lortuko dugun"
Emandako eskerrak itzuli dizkie Euskal Selekzioko ordezkariei Kortazarrek hitza hartu duenean: "Eskerrik asko zuei, haurdunaldi eta amatasunagatik hartutako atsedenetik bueltan nigan konfiantza izateagatik. Talde honetan motibazioa izatea oso erraza da. Zaila izango da horrelako denboraldi bat parekatzea lortzea".
Munduko Kopan brontzezko domina jantzi duen Jabi Olabarriak, bere aldetik, esan du urte hasiera gogorra izan zela Zegama-Aizkorrirekin, baina lortu dutela gora egitea eta hori dela garrantzitsuena.
Haritz Kortabarria, Munduko Kopako bosgarrena
Batzuek zein besteek talde osoaren lana goraipatu dute, tartean Haritz Kortabarria korrikalari arrasatearrarena; bosgarren geratu da Munduko Kopan, Olabarria baino bi postu atzerago.
Elena Calvillo, Espainiako Kopako txapelduna da beteranoen mailan; eta Oier Ariznabarreta, Espainiako Kilometro Bertikalen txapeldunordea.