Dani Maeztu: "Bildukoekin goaz, gure helburua ezker abertzale bakarra osatzea da-eta"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 23a

Dani Maeztu (Durango, 37 urte) Aralarrek Eusko Legebiltzarrean dituen hiru ordezkarietako bat da; exekutibako kide ere bada, eta baita zinegotzi Durangon ere. Aralarren bosgarren kongresuaz eta egungo politikaz dihardugu harekin.

Aralarrek V. kongresua egin du asteburuan. Zer moduz?
Aurretik beste batzar bat egin genuen, kongresuan eztabaidatuko ziren hainbat gai aurreratzeko, bereziki azaroaren 20ko hauteskundeei lotuak. Eztabaida politiko sakona izan da eta pozik gaude emaitzarekin.

Patxi Zabaleta aukeratu duzue Aralarko koordinatzaile, beste behin…
Ezohiko kongresua izan da eta beste bi urtez Patxi Zabaleta izendatu dugu koordinatzaile nagusi. Hegoaldeko exekutiba berritu eta koordinatzailea berritzea zen kongresuaren egitekoetako bat.

Asko berritu duzue zuzendaritza?
Bai, erdia-edo, gutxi gorabehera. Aurpegi berriak daude.

Datozen bi urteotan, "etorkizuneko ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzearen alde" egingo duzuela diozue.
Alderdi politikoa sortu baino lehen ere, ildo politiko moduan, Batasuna prozesuan, horixe defendatu zen, eta, gero, behin alderdia sortuta, hori izan da gure alderdiaren leitmotiv-a azkeneko 10 urteotan. Horixe bera da gure helburua aurrera begira ere, bereziki kontuan izanda ezker abertzaleko beste sentsibilitatean aldaketak egon direla.

Erabaki garrantzitsua hartu duzue, Bilduko alderdiekin batera aurkeztea Espainiako Kongresuko hauteskundeetara. Zergatik erabaki duzue hori?
Maiatzeko hauteskundeetan ikusi zen jendarteak ze pentsatzen duen. Jendeak argi esan zuen indar metaketa beharrezkoa dela ezkerreko eta abertzale direnen artean. Eta unea zela, baldintzak ematen zirela hori egiteko. Bilduk jaso zuen herritarren babesaren zati handi bat. Gainera, ezker abertzaleko beste sentsibilitateak egindako urratsak egokiak izan direla iruditzen zaigu. Hala ikusi du jendarteak ere. Une honetan, baldintza egokiak ematen dira indar metaketa hori egiteko, ikusita, gainera, Espainiako hauteskundeak direla.

Erabaki horrek alderdikideen %70etik gorako babesa jaso du, baina kritiko agertu direnak ere asko izan dira…
Normala denez, eta eskerrak, ahots kritikoak izan dira. Hartu dugun erabakia inportantea da. Baina kontuan izan behar da hasieratik dela Aralarren helburua ezker abertzale bakarra sortzea. Lehenengo aldiz konfluentzia batera goaz ezker abertzaleko bi sentsibilitate nagusiak. Bestalde, Nafarroa ere eztabaidagunean izan da. Normala da eztabaida sutsuen ondoren hartzea erabakia.

Gasteizko Legebiltzarrerakoetan ere formula errepikatzearen aldeko zarete?
Ikusi beharko da. Baina gure helburua bada ezker abertzale bakarra osatzea, bada, horrek bere formula izango du, eta, baldintza egokiak ematen badira, horren alde egingo du Aralarrek.

Koalizio berria EAJren nagusitasuna hausteko moduan ikusten duzu?
Esaten badugu ezker abertzale zibil eta zabalak benetako alternatiba izan behar duela, esaten dugu pentsatzen dugulako herri hau ezkerrekoa dela hauteskundeek islatzen dutena baino, baita Bizkaian ere. Uste dut, bestalde, EAJk aukera bat pasatzen utzi duela abertzaletasunak ahots bakarra izateko Espainiako Kongresuan. 

Nafarroan, bereziki, hautsak harrotu ditu Bilduko kideekin batera aurkezteko erabakiak. Ze gertatuko da Nafarroa Bairekin?
Gure asmoa zen abertzale guztiak batera aurkeztea Nafarroan, eta hori jakinarazi genien Zabaltzeni eta EAJri. Bildu eta NaBairen baturarekin beste koalizio bat osatzea. Ezetza jaso genuen. Hortaz, nor bere aldetik joango da: gu Bildukoekin eta Zabaltzen eta EAJ batera. Argi daukat, edozelan ere, ez aukera bat eta ez bestea ez direla NaBai.

Nafarroa Bairen beste kideek, Zabaltzenekoek eta EAJkoek, aurreratu dute Uxue Barkos izango dela hautagaia eta Nafarroa Bai izenarekin aurkeztuko direla.
Gehiegizkoa iruditzen zait EAJk eta Uxue Barkosen talde independenteak bakarrik ordezkatu nahi izatea NaBai. Ez da zuzena. Nafarroako jendarteak jakingo du ezberdintzen aukera ezberdinak.

"ETAren garai armatua gaindituta" dagoela esan berri du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. Hala dela uste duzu?
Ez nintzateke ausartuko hori esatera, besteak beste, ETAk behin betiko su-eten edo armak uztea ez duelako iragarri. Hala ere, oraingo egoera ezberdina da, ezker abertzaleak hausnarketa sakona egin eta bide politiko eta baketsuen aldeko estrategia  soilik aukeratu duelako. Bide onean gaude. Jendarteak maiatzaren 22an bidalitako mezua argia da eta mezu horri bizkarra ematea sekulako akatsa izango litzateke.

Zelan baloratzen duzu Otegi, Diez Usabiaga, Zabaleta eta abarren aurkako epaia?
Atzera egitea da. Baina aurrerapausoa ere bada. Ematen du beste garai bateko epai baten aurrean gaudela. Irizpide eta argumentu politikoak bakarrik ditu epai honek. Ezin ulertzekoa da. Bestetik, ezker abertzaleak berretsi egin du hartutako estrategia. Hori da alde positiboa.

Epai horrek baldintzatu egiten du Sorturen legeztatzearen inguruan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu beharreko erabakia?
Ez dut uste, nahiz eta zaila den jakitea zer egingo duten Espainiako auzitegiek. Epaitegi Konstituzionalak beste era bateko jurisprudentzia eman du. Gainera, Europan ere badira beste epaitegi batzuk eta kontuz ibili beharko dute. Arlo juridikotik begiratuta, uste dut Sortu legeztatuko dutela, edo beharko luketela, baina…

Bateragune delako horretan zigortuetako bat Miren Zabaleta Patxi Zabaleta zuen koordinatzailearen alaba da. Zelan dago Patxi Zabaleta?
Txarto. Bere alaba da zigortu dutena. Hainbat urte egon da politikan eta ezker abertzalean, eta halako egoera zailak gertu-gertutik bizi izan ditu, baina ez lehen pertsonan, orain bezala.

Bake prozesua geldi dagoela dirudi, ez atzera eta ez aurrera…
Bake prozesua den bitartean, gaitz erdi. Ez dut inoiz bizi halako su-eten luzerik. Gatazka politiko baten aurrean gaude. Presoak daude, biktimak daude, legez kanporatzeak… Tentu eta sentsibilitate handiz jokatu behar da. Eta behin betiko su-etena ere etorri beharko litzateke. Horretaz gain, Estatuak ere urratsak egin beharko lituzke, euskal jendarteak horixe eskatzen diolako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak