Kukutza hustu izana salatzeko oharra atera du AGAKOk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 22a

Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxearen hustea dela-eta prentsa ohar berezia atera du Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak: "Eraso hau ez da gaztetxe baten aurkako erasoa, gaztetxe eta proiektu autogestionatu guztien aurkakoa da. Esan beharra dago, atzoko zirko guztia enpresa pribatu baten interes espekulatzaileen mesedetan izan zela", diote, besteak beste.

Horra AGAKOk bidali berri duen prentsa oharra:

GARAIPENA GUREA DA! GAZTETXEAK AURRERA!

Atzo, gaztetxeen aurkako eraso latz bat jasan genuen. Hainbat atxilotu izan ziren, tartean lau arrasatear. Bilboko errekalde auzoko Kukutza III gaztetxea indarrez hustu eta kanpoan gaztetxea defendatzen ari zirenak bortizki jipoitu zituzten zipaioek.

Eraso hau ez da gaztetxe baten aurkako erasoa, gaztetxe eta proiektu autogestionatu guztien aurkakoa da. Esan beharra dago, atzoko zirko guztia enpresa pribatu baten interes espekulatzaileen mesedetan izan zela. Horretarako, indar publikoa erabili zuten. Baina, interes espekulatzaileez gain, gaztetxeak bezalako gune askeak errotik ezabatzeko erabaki politiko bat izan zen. Gainera, Bilboko udalak berebiziko erantzukizuna du, izan ere, Kukutza III dagoen lurra, zoru industrial izatetik zoru urbanizable izan behar zela erabaki zuen.

Lehenago esan bezala, gazteriaren aurkako eraso bat da. Ez da kasualitatea gaztetxeen aurka gogor egitea. Arrasateko gaztetxearen aurkako erasoa ere bada, gaztetxe guztien aurkako erasoa.

Proiektu aske, autogestionatu eta asanblearioak gogor defendatuko ditugu eta horretarako modurik onena gaztetxeetan  lan egitea da, borrokatzea. Horretarako prest gaude eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Beste gizarte eredu bat sortzen ari garelako (antolatzeko eran, gauzak eraikitzeko eran, ekonomia eta beste hainbat kontu kudeatzeko eran, berdintasunean, modu horizontal eta askean).

Denok gara gaztetxeak!

Haiek diruagatik, guk bihotzez!

Kapitalismo, errepresio eta kazikismoaren aurrean, autogestioa eta askatasuna!

AGAKO

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak