Euskal Herriko lehen Gastronomia Zientzien Fakultatea izango da Basque Culinary Center. Espainian ere ez da halakorik. Mondragon Unibertsitatearen ekimena da fakultate berria. Euskal Herriko eta munduko beste sukaldari ospetsuk ere parte hartzen dute bertan, Fundazio baten bitartez. Beste erakunde publiko zein pribatuk ere bai, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Eguerdiko ekitaldian, politikariak, agintariak eta enpresaburuen ordezkariak izango dira. Baita hezkuntzari, unibertsitateari, kulturari eta teknologiari lotutako beste hainbat, 200 lagun, guztira. Horien artean, Espainiako printzea eta printzesa.
Iluntzean, "emotiboagoa"
Inaugurazio ekitaldiaren bigarren zatia, 19:30ean izango da. Gastronomiaren sektoreari lotutako jendea batuko da batik bat. Fakultatearen proiektuaren diseinuan parte hartu dutenak ere bai. Antolatzaileek esan dutenez, emotiboagoa izango da bigarren ekitaldi hau.
Euskal eta espainiar gastronomia indartzea du helburu fakultate berriak, beti ere gastronomia beste jarduera batzuekin lotuz, hala nola, kultura, zientzia eta ekonomia jarduerekin.
56 ikasle 320 artetik aukeratuak
Fakultatea irekitzearekin batera, ikasturte berria hasi eta promozio berria hasiko da lanean. 56 ikasle ariko dira aurten, 320 artetik aukeratuak. Bologna ereduarekin bat egiten du fakultate berriak.
Basque Culinary Center Fundazioak izango du titulazio berriaren ardura. Fundazio horretan daude Mondragon Unibertsitatea eta hainbat euskal sukaldari handi; horien artean, Artzak, Berasategi, Subijana, Argiñano eta Aduritz. Beste erakunde pribatu batzuk ere bai.
Foru Aldundia ez
Astelehen eguerdian egingo den inaugurazio ofizialean, erakundeetako ordezkariak izango dira, baina ez Gipuzkoako Foru Aldundikoak. Martin Garitano ahaldun nagusiak aurreratu du ez dela bertan izango, Espainiako printzeak egongo direlako. "Herri honen ukazioaren ikur dira" esan du Larraitz Ugarte Foru gobernuaren bozeramaileak. Horregatik, Foru Aldundiak ez du parte hartuko ekitaldian.
Ugartek esan du BCCen inaugurazio ekitaldian ez dela Foru Aldundiko ordezkaririk izango, "tamalez". Izan ere, Gipuzkoako Diputazioa BCC Fundazioko administrazio kontseiluko kide baita. Era berean, goi mailako gastronomia ikasketak eskainiko dituen fakultate berria, "herri honendako estrategikoa" dela esan du Ugartek.