Kimu berri gazteengan ekintzailetasuna bultzatzeko ekimena da; zehazki, gazteria, aisialdia eta kirol gaietan ekintzailetasasuna bultzatzea du helburu. Eta gaur goizean Debagoieneko gazteek garatutako proiektu berritzaileen aurkezpena egin dute Kulturaten.
Bertan egin duten ekitaldian Mikel Orobengoak, Iseako zuzendari orokorrak, adierazi du gazteek pairatzen duten langabezia tasa izugarria dela eta gero eta zailagoa dela enpresa baten lana aurkitzea. Beraz, irtenbideak bilatzea beharrezkoa dela gaineratu du. Hala, ekintzailetasunaren aldeko apustua egin behar dela esan du.
Orobengoak adierazi du ekintzailetasuna euskal gazteriaren artean ez dagoela lehentasunen artean eta gazteengan euren kabuz lan egiteko grina sortu behar dela. Horretarako, Kimu berriak egitasmoak hainbat ekimen gauzatzen ditu, esaterako: Ekiten lehiaketa eta gaur ireki den proiektu berritzaileen erakusketa.
Gaurko aurkezpenean erakusketan izango diren proiektuetako batzuk aurkeztu dituzte ikasleek. Horiek eta beste hainbat izango dira ikusgai kulturateko klaustroan gaurtik igandera bitarte, eta urriaren 5etik 7ra Oñatiko Enpresagintza Fakultatean.