ELA sindikatuak 100 bete ditu aurten. Zer moduz ospakizunak?
Ondo. Urte osoa hartu dugu ospakizunetarako eta, esaterako, formazioarekin lotu ditugu ospakizunak, nazioarte mailako mintegia antolatuz eta abar. Edozelan ere, ekainaren 11n egin genuen ekitaldi nagusia. 100 urtez langileen antolakunde bat jardunean egotea oso garrantzitsua da eta hori militanteen lanagatik izan da. Militantearen figura omendu genuen egun horretan.
Beste 100 urte betetzeko prest?
Bai, jakina. Beste 100 urte betetzeko eta erronka berriei eusteko prest gaude eta, hala, gure printzipioen berreste kolektiboa egiteko erabili ditugu ospakizunak.
Beharrezkoak izango dira sindikatuak 100 urte barru?
Langileen interesen aurrean beste batzuk jarriko diren heinean, klaseko sindikatuak beharrezkoak izango dira.
Eta zelakoa izan daiteke ELA ehun urte barru?
Aurrera begira ze erronka ditugun aztertzeko hausnarketa lana egin beharra dago etengabe. Mendeurrena dela-eta, ELAren nazio batzordeak ebazpen bat aurkeztu zuen, non klase izaera berresten zuen, eta, era berean, aurrera begirako erronkak ere azpimarratzen baitziren. Argi daukagu, etorkizunean ere, langileen ondoan egon behar garela, militantzia kontzeptua landu beharra dugula eta, bestalde, hainbat arlotan sindikatuak beste erakunde sozial batzuekin egin beharreko lana sakondu egin behar dela, harremanak estutuz.
Zenbat afiliatu zarete ELAn?
110.000. %40 emakumeak gara, hau da, 45.000 inguru. Debarro osoan, 6.500 militante ditugu eta, Debagoienean, 3.500. Ordezkari sindikalak 10.000 dira Euskal Herri osoan.
Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia da ELA.
Hala da. Bai afiliazioari dagokionean eta baita ordezkaritzari dagokionean ere. Azken hauteskunde sindikalen arabera, ELAk %36ko ordezkaritza maila dauka. Autonomia Erkidegoan, %40,33koa da eta Nafarroan, %21ekoa.
Gazte jendea hurbiltzen zaizue?
Hurbil sentitzen badute, bai, gerturatzen dira. Horretarako, sindikatuak ahalegina egin behar du jakiteko zein den gazte jendearen egoera, zeintzuk diren haien arazoak lan munduan… Lan sindikalaren erdigunean jarri du ELAk prekariotasunaren kontrako borroka eta, horrek, ekarri du gazteak hurbiltzea sindikatura, bai afiliatzeko eta baita konpromisoak hartzeko ere.
Non dago ELAren indarra?
Parametro ezberdinak daude hori neurtzeko, baina esango nuke ELAren indarra bere proiektuan dagoela. Helburu sinple bezain zaila: langileen interesak defendatu eta hori lortzeko lan egin, dinamika sozialak eta sindikalak garatuz, etengabeko hausnarketa eginez eta bitartekoak jarriz dinamika egokien zerbitzura. Horrek ematen dio proiektuari sinesgarritasuna eta horrek ekartzen du afiliazioa eta militantzia.
Txiki Muñozi, zuen idazkari nagusiari, entzun diogu esaten aldarrikapenezko sindikatu bat ezin dela eutsi aurrekontu eta baliabide propio barik…
Langileen interesak defendatzen ditugu eta hausnarketa propioa egiten dugu eta, ondorioz, erabaki askeak hartzen ditugu. Hori lortzeko, independentzia finantzarioa beharrezkoa da. Hau da, kuotez bizitzea ezinbestekoa da. Beste aukera batzuk badaude. ELArena horixe da.
Zelakoa da gainerako sindikatuekin duzuen harremana?
Langileen defentsarako erronkak eta helburuak zailak dira eta indar guztiak gutxi dira. Helburuak konpartitzen ditugun heinean, harremanak landu eta sortu egin behar dira. Zentzu horretan, euskal gehiengo sindikalak azkeneko urteotan egin duen ibilbidea oso positiboki baloratzen dugu.
Gizarte ongizatea krisian dago?
Bai, baina ñabardurak baditu horrek. Izan ere, ardurak banatu egin behar baitira. Ongizatea ez dago berez krisian. Ongizate zerbitzua krisian jarri dute erabakiak hartu dituztenek, hori gerta zedin. Politikak erabakitzerakoan, ez da jarri pertsona abiapuntu moduan, eta guztiz kontrakoa egin da, kapitalaren interesak abiapuntuan jarriz. Gainera, oso era gordinean, hau da, gehiengoaren aurka. Horrek ekarri du Gizarte ongizatearen krisia.
Kutxen bategitea gertuago dago Bilduk ere argi berdea eman ostean.
Bai, eta gure balorazioa txarra da, fusioak bankarizazioa dakarrelako. Finantza sektore publiko indartsuaren aldeko jarrera dugu guk. Horrek ematen dituen aukerekin maileguendako, bai partikularrendako eta baita enpresendako ere; eta, gero, era berean, guretako oso garrantzitsua da obra soziala bermatzea. Orain arte aurkeztu duten proiektuarekin ez da ahori bermatzen. Beste ertz bat badauka honek: langileen baldintzak. Zela geratu diren horiek eta, bestalde, non negoziatuko diren baldintza horiek, ze negoziazio kolektiboa euskal esparruan egin behar dela uste baitugu. Orain arte horri muzin egin die kutxen zuzendaritzek.
Zela baloratzen duzu Espainiako Kongresua Konstituzioa erreformatzeko hartutako erabakia?
Oso larria da eta salatu egiten dugu. Demokraziaren ikuspegitik, erakusten du ze demokrazia maila dagoen Espainian. Posible da Espainiako Konstituzioa aldatzea, abuztuan eta ezkutuan. Bestalde, euskal esparrutik eta autogobernuaren ikuspegitik begiratuta, Espainiako Konstituzioan muga jarriko zaizkie hemengo erakundeek egingo dituzten aurrekontuei, defizita ezarrita etorriko delako. Hirugarrenez, edukiaren aldetik ere, tamalgarria da, ze bakuen eskaera bati Konstituzio maila ematen zaio. Bermatzen zaio bankari beren diruak izan daitezela itzuliak. Bankuei makurtzea da hori.
Bada alternatibarik krisia gainditzeko?
Bai. Erreforma eta eskubideen murrizketa bakoitzaren aurrean, esaten digute: "Edo hau edo zuloa". Hori gezurra da. Gertatzen da gobernu eta partidu boteretsu gehienak ados daudela errezetetan. Zaila da alternatibaren mezua zabaltzea, baina egon badago.
Zein da irtenbidea, hortaz?
Arazoa langabezia bada, zertara eramango gautu murrizketak egitea. Enplegurako planak egin eta dirua sartu, inbertitu, egin behar da. Horretarako, zerga politika aldatu egin behar da. Fiskaltasunaren inguruan eztabaidatu beharra dago.
Badirudi eztabaidaren erdigunean daudela zerga politikak orain. Zela ikusten duzu hori?
Duela bost urtetik hona, zerbait aldatu da: orain, zerga politiken gainean eztabaidatzen da. Hori aurrerapausoa da. Halere, esan beharra dago, esaterako, Ameriketako Estatu Batuetan eztabaida eman den moduan, hona oraindik hori ez dela heldu. Ondarearen gaineko zerga aipatzen da, lehendakariak zerbait aipatzen du…, baina ez benetako eztabaida. Europa Batasuneko herrialdeen batez besteko presio fiskala hemen aplikatuko balitz, 8.000 milioi euro gehiago jasoko litzateke. Hori da eztabaida eta ez Ondarearen gaineko zerga eta Gema Zabaletak aurkeztu dituen neurriak, etorkinei-eta banatzen zaizkien laguntzak hutsaren hurrengoa direlako, datu osoak eskuartean hartuta.