Gazte txokoak irekiko dituzte bihar, erdiguneko egoitza berriaren zain

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 19a

Hastear da ikasturtea gaztetxokeroendako. Txatxilipurdik Udaleko Gazteria Sailaren laguntzaz kudeatzen dituen Musakola, Erguin eta San Andresko gazte txokoek bihar irekiko dituzte ateak. 12 eta 17 urte arteko gaztetxoek ikasturte berria ilusioz hasteko arrazoi berezia dute oraingoan, gainera: erdiguneko gaztegunea erabiltzeko aukera izango dute aurten. Urriaren 14an irekiko da egoitza berria.

Udalak azken Tokiko Gobernu batzarrean landu zuen gaia, eta Iraia Sola Gazteria zinegotziak egoitza zein egoeratan dagoen azaldu digu: "Azken ukituak falta dira. Arotza mahaiak prestatzen dabil eta soinu ekipoa egokitzea falta da, besteak beste; azken erremateak hil honetan amaituko dira".

Gero, Solak emandako azalpenen arabera, hilaren 30ean egin dute hitzordua gaztetxoekin batera egoitza altzariz janzten eta gunea antolatzen hasteko: "Egoitzak asteburutako hutsunea beteko du eta auzoetako gaztetxoak erdigunera erakartzea da asmoa". Izan ere, asteburuetan bakarrik egongo da zabalik, egubakoitzetik domekara bitartean.

'Zuk proposatu, zuk antolatu'
Txatxilipurdik eta Udaleko Gazteria Sailak jakinarazi dutenez, asmoa da gaztetxoen artean "jarrera aktiboa, dinamikoa eta parte hartzailea" sustatzea. Hala, Zuk proposatu, zuk antolatu izango da ikasturte berriko leloetako bat. Halaxe azaldu digu Lander Juaristi Txatxilipurdiko Gazte Saileko arduradunak: "Ekintzak gaztetxoen beharren arabera antolatzen jarraituko dugu, jarrera aktiboa izan dezatela lortzea oso garrantzitsua da-eta guretako".
Erdigune egoitzan dinamika bera izango da: "Azken finean, gazte txokoetako filosofia egoitza berrira eramango dugu", dio Juaristik. Ikasturte hasierari begira ez dute ekintza berezirik antolatuko, zentro bakoitzak bere kabuz irekiko ditu ateak.

Ia 300.000 euroko kostua
Gaztegunea egiteko aurrekontua izan da 296.035 eurokoa. Udalak gastuei aurre egiteko Aldundiaren eta Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso zituen. Lokal handia da, erabilgarriak diren 250 metro koadro izango ditu-eta.
Bi gune izango ditu: lehena, Topagunea izena jarri diotena, erabilera anitzerako lekua izango da– formatu txikiko denetariko ikuskizunendako oholtza txiki bat dago, esaterako– eta gune aktiboa, berriz, ping-pong, mahai-futbol eta antzeko jolasendako egokitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak