Pilates eta spinning, ate irekietan harrera onena izan duten ikastaroak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko irailaren 19a

Joan den astean, martitzenetik eguenera, ate irekien jardunaldiak izan ziren Musakolako kiroldegian. Bada, Aukearekin batera jardunaldiok antolatzen dituen Egoitek enpresako Nuria Rodriguezen arabera, "jende askotxo" ibili zen oro har: "Goizak nahiko lasai joan dira, arratsaldean etorri dira erabiltzaile gehienak".

Ikastaroei dagokienez, pilates eta spinning izan dira harrera onena izan duten ikastaroak: "Pilates eta spinning nabarmendu behar dira baina body pump eta body balance jarduerak zer diren ezagutzera ere etorri da jendea", adierazi digu Rodriguezek. Gainera, barruko igerilekuak hilaren 12ean ireki zituztenez, hainbat erabiltzaile ur eremu jardueretara gerturatu ziren.

Adin guztietako jendea
Bestalde, adin guztiendako jendea egon da jardunaldietan: "Ikastaro batzuetan, pilatesen esaterako, adin nagusikoak etorri dira gehienbat baina orokorrean adin guztietako jendea egon da". Doakoak izan diren ate irekien jardunaldien ostean, gaur bertan  hasiko da ikasturtea kiroldegian. Lehorreko ekintzak izango dira gaur; eskaintza zabala da oso: nagusiendako gimnasia berezietatik hasi eta spinning edo body pump moduko intentsitate altuko ekintzetaraino. Gainera, kirola eta erlaxazioa uztartzen dituzten ekintzak ere ez dira faltako, hala nola, pilates, Tai Chi eta Yoga.
Urriaren 3an abiatuko dira ur eremuko ekintzak eta honakoak eskainiko dituzte: helduendako hastapen, hobekuntza eta estilo ezberdinetan oinarritutako igeriketa ikastaroak, haurrendako ikastaroak eta igeriketa egokitua. Haurdun daudenendako ikastaro bereziak ere antolatu dira.Uretako gimnasiak –aquagym–, noski, ez du hutsik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak