Inazio Lakuntza: "Herri honekiko neukan zor sentimenduagatik erabaki nuen politika munduan sartzea"

Maider Arregi 2011ko irailaren 20a

Inazio Lakuntza lau urtez izan zen Arrasateko alkate; politikan baina, ez du bestelako jardunik izan. Garaia, Abaroa berria eta Olandixoko tunelaren proiektua bultzatu ditu, besteak beste. Lakuntza, tolosarra da, baina 1974a ezkero Arrasaten bizi da. Beti hezkuntzari oso lotuta, eskola eta enpresa munduan ibili da lanean. Unibertsitateko lehen errektorea ere izan zen Lakuntza. Egun, INNOBASK berrikuntza agentzian dihardu lanean.

2003-2007 agintaldian Arrasateko alkate izan zinen; zelan gogoratzen dituzu urte haiek?
Lau urte egin nituen alkate moduan. Lehen hirurak oso pozgarriak izan ziren niretzako. Proiektu berriekin hasi ginen eta aurrera atera ziren, gainera. Azkenengo urtean, ordea, dena okertu egin zen. Politika estilo zikina sortu zen, bai EAJ-EA koalizio berriaren barruan eta baita oposizioko alderdietan ere. Une hura izen zen niretzako gogorrena.

Zergatik hasi zinen politikan?
Tolosarra naiz, baina Arrasatera 1974. urtean etorri nintzen bizi izatera. 25 urte Eskola Politeknikoan eman nituen lanean denetarik egiten; batez ere, kudeaketan ibili nintzen. 15 urte eman nituen zuzendari lanetan. Herri honek aukerak eman dizkit gauza asko eta berriak bultzatzeko. Pozgarria izan zen herri txiki bati lotutako unibertsitate pribatuko lehen errektorea izatea. Herriarekin zorretan nengoela sentitzen nuen. Hala, unibertsitatetik irten nintzenean, Oñatin nengoela, Mone negozio eskola bultzatzen, politikan koalizio moduan sartzeko aukera eskaini zidaten. Baiezkoa eman nuen, ilusioz, herriarekin nuen zor hori ordaintzeko modu egokia zela uste nuen-eta.

Orduan, EAJ-EA koalizioa; egun, EAk bestelako bide bat hartu du.
Ez dakit zenbat EA dauden momentu honetan; orduan, bi sortu ziren, eta egun, ez dakit zenbat dauden. Betidanik ez naiz alderdiaren barruan egon eta ez dut jarraitzen. Nire ustez, ez dago hainbeste toki horrenbeste alderdi politikorendako. Pentsatzen dut koalizio moduan egoera politikoa pixkanaka bere zentzua hartzen joango dela.

Aurrera ateratako proiektuen artean zein azpimarratuko zenuke?
2003an gabezia handia zegoen etxebizitzaren esparruan eta gazteek etxebizitza izateko arazoak zituzten. Guk desblokeatu egin genuen egoera hura eta etxebizitza planak aurrera atera genituen. Etxebizitza babestuak, tasatuak eta libreak atera genituen eta modu askoko etxebizitzak egin genituen. Egia da etxe batzuk oraindik ez daudela beteta, baina  etxebizitzen egungo egoerak ere bete-betean eragina izan du. Bestalde, Garaia Berrikuntza Gunean ere parte hartu genuen udal moduan, eta kontseiluan izan nintzen. Abaroa berria ere azpimarratuko nuke, oso pozgarria izan zen niretzako; baita auzoen mugikortasunari dagokionez jarritako igogailuak ere. Eta zer esanik ez Olandixoko tunela bultzatu izana. Ikusi besterik ez dago herritarrei ekarri dien onura.

Eta okerrena?
Etxebizitza planaren ondorioa izan zen okerrena. Oso gogorra izan zen salaketa jartzea eta erabili zuten politika estiloa. Bergarako epaitegiak kasua artxibatu zuen.

Zer eman dizu politikak?
Aukera eman dit proiektu berriak bultzatzeko eta jendearekin, herritarrekin lotura estua izateko. Alde batetik, oso pozgarria, baina politika nola zikintzen den penagarria da, edozer botatzea pertsona batzuei... dena zikintzen da horrela.

Egun, zertan zabiltza?
LKSko bazkide izaten jarraitzen dut, eszedentzian nago. Udaletik irtendakoan aukera izan nuen INNOBASK berrikuntza agentziara joateko. Bertan, Ekintzailetza Departamentuan dihardut. Enpresa berriekin lanean nabil. Lan polita benetan, hor ikusten da gure herria bizirik dagoela eta jendeak enpresa eta proiektu berriak bultzatzeko duen ekimena; oso pozgarria eta aberasgarria da.

Arantzarik geratu zaizu?
Jende batek nirekiko daukan jarrera. Baina dagoeneko orria pasa dut, eta kito. Orokorrean, garai hartan oso pil-pilean zeuden  proiektuak komunikabideetan. Dinamika handia zegoen gauzak martxan jartzeko. Orain, kanpotik ikusita, hori pixka bat galdu egin dela ikusten dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak